argia.eus
INPRIMATU
“Euskaraz Bizi Eguna” egingo dute martxoaren 18an Arrasaten
  • Euskal Herrian Euskaraz elkartearen egun handirako egun osoko egitaraua prestatu dute. Martxoaren 18a "Euskaraz bizitzeko hautuari bultzada emateko eguna" izan dadila gura dute.

Goiena @goiena 2017ko otsailaren 23a
Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpena (argazkia: Goiena).

Zortzigarren Euskaraz Bizi Eguna izango da aurtengoa, martxoaren 18an Arrasaten ospatuko dutena. "Ahalduntze ariketa praktiko" bezala aurkeztu dute deitzaileek, eta "herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko egitasmoa" izan dadin nahi dute.

Aurtengo zita testuinguru berezian izango da, gainera. Izan ere, Euskal Herrian Euskaraz elkartean Izan, Egin, Eragin gogoetan murgilduta egon dira azken urtean, "berreuskalduntze-prozesuak egun bizi duen apalaldiak, bai mundu mailan zein Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketek" eragindako "krisi integralari" erantzuteko asmotan. Hala, elkartea "goitik behera" berrikusi eta eguneratzea da gogoeta honen helburua. Eta gogoeta horren emaitza moduan, Euskal Herri euskaldunari ateak ireki izeneko dokumentua osatu dute.

Bada, Arrasateko jaialdiak "euskararen normalizazioa helburu duen jarduera fase berri batera eramateko eredu izan nahi du". Hala, euskaraz bizi nahi dutela erakutsiko dute 12:30ean Kulturaten egingo duten ekitaldi nagusian.

Hortaz, Euskal Herrian Euskaraz antolakundetik euskaldun eta euskaltzale orori dei egin diote martxoaren 18ko hitzorduan parte har dezaten.

Eguneko egitaraua

- 10:30 Txupinazoa

- Artisauen azoka

- 11:00 Umeentzako jolasak, tailerrak eta puzgarriak (karpa inguruan)

- 12:30 Euskaraz bizitzera goaz ekitaldia (Kulturaten)

- 14:30 Herri bazkaria Azoka plazan (15 euro)

- 17:00 The Hans Blue Band

- 18:00 Bertso saioa: Alaia Martin, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia (karpan)

- 19:30 Sakatu elektrotxarangarekin Mural kalejira

- 21:30 Kontzertuak (karpan): Dirty Brothers, Willis Drummond, Ezten Giro

- DJ jo ta txo

Egunean zehar: Kilikien kalejira, trikitilariak, dantzariak, portaloiko abesbatza, txistulariak, kontzertuak…

Albiste hau Goienak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.