argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz behar zuen ikastaroa, erdara hutsean: “Lekuz kanpo sentiarazi naute”
  • Eusko Jaurlaritzak antolaturiko irakasleentzako ikastaro elebidunean izena eman eta ikastaroa gaztelania hutsean delako haserre idatzi die antolatzaileei irakasleak: “Erantzun didate itunpeko eskoletako irakasle bazuek ez dutenez hizkuntza menperatzen dena erdaraz emango dutela, eta garaiz nabilela ikastaroari uko egiteko!”. Oso haserre dago irakaslea: “Lekuz kanpo sentiarazi naute, non geratzen da ikastaroa euskaraz egiteko nire eskubidea?”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko azaroaren 12a

Hezkuntza Sailaren baitako Prest Gara programaren ikastaro bat da polemikaren iturri, eta irakasleak dio ez dela gertatzen zaion lehenengo aldia: "Ikastaroa elebiduna da, baina bai materiala, bai edukiak, bai emailak erdara hutsean daude. Beti euskara ateratzen da galtzaile". Eta irakaskuntza publikoan halakoak gertatzea "lotsagarria" dela nabarmendu digu.

LAB eta STEILAS sindikatuetara jo du irakasleak, salaketa jarri, publiko egin eta horrelakoak ez errepikatzeko esperantzaz. Azken finean, ikastaroez arduratzen diren enpresa eta antolatzaileei jarraipen hurbilagoa egin behar zaiela adierazi digu, horrelakoak gerta ez daitezen.

Hezkuntzan (ere) ematen diren hizkuntza urraketen isla, berriki egindako beste salaketa hau, irakasleek formazioa gaztelaniaz jaso zutela-eta.