argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz baimenik gabe bizitzeko kateatu da Aitzina
  • Eskuak kateaturik eta ahoan Frantziako bandera zutela, Aitzina gazte erakundeko 30 bat lagunek ekimena burutu dute Baionako suprefeturaren aurrean. SNCF geltokitik eta epaitegitik abiatu diren zutabeek “Euskal hiztunon eskubideen aurka egiten duten enpresa, organo eta instituzioak seinalatzea” eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea zuten helburu.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 01
(Arg: @aitzinagazte)

Besteak beste Euskal Elkargoari dei egin diote erabaki ausartak har ditzan, baina argi utzi nahi izan dute desobedientziaren bidetik ekin behar zaiola bide honi: “Nehori baimenik eskatu gabe, euskararen erabilera sustatzeko zinezko alternatibak plazaratuko ditugu epe laburrean”.

 

«La république nous baîllone, Guk euskararen ofizialtasuna» lelopean eginiko ekimen sinboliko hau “anbizio gehiagoko dinamika baten hastapena" dela iragarri dute, eta GUK EH kanpainaren baitan Uztailaren 14an Baionako suprefeturatik aterako den “manifestakzioan” parte hartzera dei egin dute.

 

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ekimena txalotu dute sare sozialetan.