argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz azpidatzitako filmak eskainiko ditu hilero BilbaoArtek
  • 2018ko martxotik abendura izango da “lehen astearteko hitzorduak” zine zikloa. Izenak adierazten duen bezala, hilabete bakoitzeko lehen asteartetan izango da filmak ikusteko aukera, BilbaoArten. Filmak jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin proiektatuko dira eta sarrera doakoa izango da.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko otsailaren 14a
'Itzaletan egiten duguna' izango da eskainiko duten lehen filma

Proposamenen artean, genero arteko “ibilbide zorabiagarri bat” osatu dutela diote antolatzaileek. Ekoizpen guztiak azken hamarkadakoak dira eta hainbat jatorritako lanak ikusteko aukera izango da.

Estreinaldia martxoaren 6an izango da, 19:00etan. Itzaletan egiten duguna da lehen proiekziorako aukeratu duten lana. Jemaine Clement eta Taika Waititi dira zuzendariak eta Zeelanda Berrian ekoiztua da. Dokumental faltsu bat da eta lau pertsonaiaren egunerokotasunak ematen duena biltzen du.

Uda amaieran Eztia eskainiko dute. Valeria Golinok zuzendutako film italiarra da, 98 minutuko iraupena duena. Irene pertsonaiaren bizitza kontatzen du: denbora luzea darama sufritzen ari diren pertsonei laguntzen. Filmaren muina inolako gaixotasunik ez duen baina hil nahi duen gizona ezagutzean argituko du ikusleak. Antolatzaileen esanetan, bizitzaren inguruko zenbait hausnarketa egitera bultzatzen du lanak.

Zikloa abenduaren 4an amaituko da Aintza filmarekin. Kristina Grozeva eta Petar Valchanov zuzendariek bulgarieraz kontatu dute Tsanko Petrovek trenbideetako langilearen bizitza. Gertakari bat dela eta, duintasuna berreskuratzeko hasiko duen borrokan jartzen du fokua filmak.

Informazio gehiago eta gainontzeko filmen berri BilbaoArteko webgunean aurkitu dezakezue.