argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz artatu zezaten eskatzeagatik, epaiketa egingo diote Arkaitz Zarraga bilbotarrari
  • 2018ko Aste Nagusian udaltzain batek isuna jarri zion Zarragari, euskaraz artatua izan zedin eskatu ostean. Isunari helegitea jarri zion kaltetuak, eta epaiketa egingo dute abenduaren 12an.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 19a
Arkaitz Zarraga (eskuinean) Eneka Alvarezekin batera; hizkuntz eskubide urraketa tarteko, biei jarri diete isuna (Argazkia: Dani Balnco)

2018ko Bilboko Aste Nagusian hizkuntz eskubide urraketa pairatu zuen Arkaitz Zarraga Azumendik udaltzain baten partetik. Jaien amaieran, desmuntaketa lanen lehen egunean, Hau Pittu Hau konpartsako kide den Zarraga gelditu egin zuen udaltzain batek, txosnagunetik ateratzear zela. Udaltzaina gazteleraz zuzendu zitzaion, eta Zarragak euskaraz artatua izan zedin eskatu zion. Eskaeraren aurrean, bi isun jartzearekin egin zion mehatxu udaltzainak: bata trafiko zirkulazioarekin loturan, eta bestea errespetu faltagatik. Esan eta egin, udaltzainak bi isunak jarri zizkion, Mozal Legea aplikatuta.

900 euroko isuna jaso zuen Zarragak, eta helegitea jarri zuen. Abenduaren 12an epaiketara deitu dute.

Mobilizazio deia

“Euskarari mozalik ez!” lelopean, Hau Pittu Hau konpartsak eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteak elkarretaratzea deitu dute epaiketa egunean, epaitegien aurrean. 09:30etan jarri dute ordua.

Epaiketarekin loturan burutuko da, baita, “Herri zatitua eta euskara” hitzaldia azaroaren 28an. Eneko Bidegain arituko da hizlari Xake espazioan, 19:00etatik aurrera.

ARGIAren 2.632. zenbakian Arkaitz Zarraga Azumendi eta Eneka Alvaren elkarrizketatu zituen Lander Arbelaitz Mitxelenak. Hemen irakurgai.