argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz artatua izateko eskubidea urratu du Ertzaintzak Bilboko komisaldegi batean
  • Manu Agirre bilbotarrak Zabalburuko polizia-etxean salaketa bat jarri nahi izan du asteazken arratsaldean. Baina izapideak euskaraz egiteko arazoak izan ditu. Agirrek ordubete baino gehiago itxaron behar izan du euskaraz egiteko gai den ertzain bat agertu den arte. Herritarrak kexa jarri du Hizkuntz Eskubideen Behatokian. Ez da gertatu zaion lehen aldia.    

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 04a

Ekainaren 2an Bilboko Zabalburuko polizia-etxean gertatu da arratsaldeko bost eta erdietan. Manu Agirre salaketa bat jartzeko hurbildu da komisaldegira. Halere, ertzainei euskaraz zuzenduta, itxaron behar duela erantzun diote, langileen artean euskaraz dakien inor ez zelako. Ordubetera, Maria Diaz de Haro kaleko edo Deustuko komisaldegietara joan daitekeela esan diote, euskarazko zerbitzua jasotzeko. Azkenean, ertzain euskaldun bat heldu da Zabalburura, eta "urte askoan euskaraz egin gabe bazen ere, saiatu" egingo dela esan dio Agirreri.

Izapideak hala moduz egin ditu, langilearen hizkuntza ulertzeko arazoak direla medio. Polizia etxean gertatutako urraketa salatzeko, Elebide Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura deitu du Agirrek, baina ez diote erantzunik eman. Hizkuntz Eskubideen Behatokian (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sortutako fundazioa) ere kexa jarri du. Agirrek azaldu du Euskal Herrian zerbitzu publikoa euskaraz jasotzea eskubidea dela: "Bilbon horrelako izapideak kudeatzeko gehien erabilitako lekuetako batean, zerbitzu hori euskaraz bermatuta ez egotea ez da han dagoen ertzainaren borondatezko hautua. Hori egiturazko antolakuntza kontua da". Dena den, ez da gertatu zaion lehen aldia.

2020. urtean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketei lotutako 1.148 kexa erregistratu zituen; 2019an baino 400 bat gehiago. Kexa horietako asko segurtasun indarrek jaso zituzten, bereziki Ertzaintzak. Erakunde publiko horrek Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2018-2022 Planean euskaraz arreta bermatzeko helburua ezarri du. Halere, aurrerapausoak gorabehera, biztanleen hizkuntza-eskubideak ez dira bermatzen.

Euskara eskakizunak

Planaren arabera, herritar batek euskaraz artatzea nahi badu eta zerbitzuaren ardura duen agenteak hizkuntza ez badaki, euskara dakien beste polizia bat aurkitu behar du. Agirreri gertatu zaion bezala. Baina ez dira asko euskaraz dakiten ertzainak. 2021eko otsailean egindako lan-eskaintza publikoan, 700 plaza eskaini ziren eta horietatik 462k B2 maila eskatzen zuten, baina beste 238k ez zeukaten profil linguistikoaren derrigortasun datarik. Behatokiak zabaldutako datuen arabera, 2017ko datuak hartuta, 7.407 ertzainen artean, %51k ez zuen egiaztatutako euskara mailarik. Beraz, Euskal Herriko zerbitzu publikoetan euskaraz artatua izatea ariketa zaila da.