argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz ari naizenean...
BeƱat Gaztelumendi 2015eko maiatzaren 19a

Euskaraz mintzo naizenean, Delhiko aldirietan oinutsik dabilen haurra mintzo da nire ahotik; bi haur eta maleta bakarra eskuetan hartuta etxetik bota duten ama; neska-lagunari ezpainak jan dizkion neska; mutil-lagunaren sabelpea miaztu duen mutila; pankarta bati helduta fabrikako atarian dauden buzo urdindunak; balaz zauritutako Baltimoreko gazte afroamerikarra eta berak ondutako tabakoz eginiko purua zeru urdinari begira erretzen ari den kubatarra ere nire ahotik mintzo da euskaraz ari naizenean; Amazonia ertzean kautxu fabrikek etxe gabe utzitako katagorria eta artikoan urtzen ari den izeberg galdu baten muturrari hatzaparrekin heltzen dion hartz zuria; hutsik zegoen etxe bateko hormak spray koloretsuz margotu eta balkoian izarak banderak bailiran zintzilikatu dituen Bartzelonako okupa; izarrei begiratzen irakatsi ziguten maiak eta lurrari ez begiratzen ikasi genien amazighak mintzo dira nire ahotik euskaraz ari naizenean; Kobane askatu zuten kurduak eta iraultza asmatu zuten langileak; maiatzaren 1ean kaleak betetzen dituztenak; Che, Galeano, Simone de Beauvoir, Marx, Frida, Picasso, Evo, Eva, Graziana, Bobby Sands, Martin Luther King, Mandela mintzo dira nire ahotik euskaraz ari naizenean; euskaraz aritzea, epaileak erdaraz mintzo diren garaiotan, justiziaz aritzea baita.