EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Berria hedabideak jaso duenez, manifestazioa Baionako auzitegian hasi da eta herriko etxearen aurrean bukatu. Justizia euskararentzat lelopean egin dituzte mobilizazioak. Bi xede izan ditu manifestazioak. Batetik, Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHEko kideei elkartasuna adieraztea, eta bestetik, euskarak jasaten duen zapalkuntza salatzea. Gurrutxagak eta Torrek epaiketa daukate apirilaren 11n, joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, desobedientzia ekintza egin zutelako Baionako auzitegiaren eraikinaren gainera igota. Justizia euskararentzat leloa bistaratu zuten. Euskararen zapalkuntza ikusarazi nahi zuten eta euskararentzat justizia aldarrikatu.
EHE taldea, sare sozialetan azaldu duenez, pozik agertu da manifestazioarekin: “Hemen bada euskaraz bizi nahi duen eta euskaldunon aurkako zapalkuntza onartzeko prest ez dagoen herri bat. Pausoz pauso, bidea egingo dugu”.
Eskatu dute zapalkuntzari desobedientzia bidez eta konfrontatuz aurre egitea. ARGIAk manifestazioa baino lehen egindako elkarrizketan Intza Gurrutxagak honela kontatzen zuen desobedientziaren garrantzia: “Desobedientzia ekintzak izugarrizko tresna dira jasaten dugun zapalkuntza bistaratzeko. Ekintza horien bidez, oso ondo ikusten dira, legalki eta marko juridiko eta politiko honetan, euskaldunok dauzkagun zapalkuntza guztiak”.
Apirilaren 11n, Gurrutxagak eta Torrek frantsesez deklaratzeari uko egingo diote. Epaiketa euskaraz egitea eskatua dute, baina ez dute erantzunik jaso. Epaiketa 14:00etan izango da eta lehenxeago auzitegiaren aurrean elkartzera dei egin du EHEk.