argia.eus
INPRIMATU
Euskararentzat gu sendabelar
  • Artikulu hau ez idaztekotan nintzen, nahiz duela hilabete batzuk Estitxu Eizagirrek esan idatzi beharra neukala. Bera izan dut editore eta sudur fineko kazetari ere badenez, ondo antzeman zion gaiari: euskaraz aritzeak dakarren zamaz eta estresaz idatzi beharra daukat. Izpilikuari eskaini behar nizkion ondo bidean lerro hauek baina hurrengo artikuluan beharko du izan, Auzitegi Konstituzionalaren erabaki batek gainezka eginarazi baitio basoari.

GarbiƱe Larrea Iturralde 2023ko uztailaren 17a
Argazkia: Dani Blanco.

Euskara hutsean jardun ahal izatea ezeztatu du auzitegiak eta hautu hori egin dugunon erabakia ere jomugan dagoela sentitzen dut. Izpiliku infusioa prestatu ondoren, barruko erretasuna baretzeko zenbait kontu kontatu beharra daukat. Izan ere, sendabelarrik onena barruko mina eta ezina adieraztea denean, ez hasi bestelako erremedioen bila: sendabelarrei ez eskatu norberak egin beharrekoa egiterik.

Oldarraldi judizialaren sokak korapilo asko dauzka, egunerokoan bizi ditugun korapiloak, urdailean edo eztarrian geratzen zaizkigunak. 2021ean Sendabelarrek dakitena argitaratutakoan astero erantzun behar izaten nion sare sozialetan "¿Y en castellano para cuándo?" galderari. Berriki ere gertatu zait Instagramen "todo esto que haces ¿Por qué no en erderaz también?" galderari erantzun beharra. Dagoeneko ez dut hautua arrazoitzen, euskara ikastera gonbidatzen ditut. Txarrerako hartu ohi didate ordea eta pribatutik epelak bota, nire lengoaiatxo horrekin ez naizela urrutira iritsiko adibidez. Hater-ak egiten, zeinek esan...

Hitzaldi eta ikastaroetan ere ari zait gertatzen. Gazteleraz ere aritu beharko dudala entzutea tokatu zait edo ikastaroaren laburpena gazteleraz egingo al diodan eskatu, ah, eta apunteak elebitan jartzeko, denok ulertzeko.

Nire liburuak neuk itzul ditzakedala ere iradoki didate behin baino gehiagotan. Alaine Agirrerekin iazko irailean Twiterren aritu nintzen honetaz, komentario horrek eragiten digun azkura eta haserreaz. Gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez idazten duen idazle bati ez liokete inoiz galdera hori egingo. Balio handirik gabeko hizkuntza batean ari garela sentiarazten digute behin eta berriro eta itzulpena, noski, hizkuntza menderatzailera egin behar genukeela. Itzultzearen kontra ez nago, esan gabe doa, kontua da hemen arrakastaren neurria gaztelerara itzuli izanak adierazten duela, antza. 

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartean eta Natul Azpeitiko euskara taldean militantzian eta Euskalgintzaren Kontseiluan lanean aritu ondoren ideiak garbi samar dauzkat. Gaur egun ez ditut gauzak euskararen alde egiten, euskaraz baizik eta horretxek sortzen die askori ulertu ezina. Euskaldun bat baino gehiagok ere esan izan baitit gazteleraz arituta jende gehiagorengana iritsiko nintzatekeela eta hala diru gehiago irabazi (SIC).

3.500 aleko bigarren edizioa salduz doalarik eta aurtengo lehen sei hilabeteetan 24 hitzaldi zein tailer eman ondoren, hemen euskaraz bagarela erakusteak niretzat ez du preziorik. Hori jakinda poz hartzen duzuenon pozak ematen dit niri poz eta hori dut ene aberastasun preziatuena. Eta kitto!