argia.eus
INPRIMATU
Euskararentzako politiketan “ziklo berri bat” galdegin dute milaka euskaltzalek Baionan
  • Larunbatean 3.000 lagun baino gehiago batu ziren euskalgintzak deitutako manifestaziora. Orain baxoa euskaraz! Euskarak trabarik ez lemapean, eragile ugarik salatu zituzten euskarak dituen trabak, eta instituzioei politika eraginkorrak hartzeko eskatu zieten.

Leire Artola Arin 2023ko apirilaren 24a
Euskararen alde inbertsio handiagoak egiteko eskatu diete instituzioei, 3.000 lagunetik gora elkartu dituen manifestazioan. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Baionan euskalgintzako eragile andana bildu zen larunbatean, Ipar Euskal Herrian euskarak dituen trabak salatzeko eta “itxurakeriatik” haragoko hizkuntza politika eraginkorrak exijitzeko. Lege koadro berria zabaltzeko unea dela aldarrikatu zuten 3.000 lagun baino gehiagok, Kazeta.eus-en kontaketaren arabera.

Manifestazioa hasterako iritsi ziren Bordeletik bizikleta martxan abiatutako Baionako Estitxu Robles kolegioko 22 ikasle eta lau irakasleak, eta txalo artean hartu zituzten. Lapurdiko hiriburuan eragile ugaritako jendea batu zen, Euskal Konfederazioak deituta: Azterketak Euskaraz, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, AEK, Ikastolen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Iparra Hegoa, EH Bai eta EH Bildu alderdiak, eta beste erakundeetako ordezkariek babestu zuten aldarria.

Euskararen ofizialtasuna galdegin zuten amaierako irakurketan Xabi Ibarburu Uda Lekuko lehendakariak eta Elorri Falxa Seaskako irakasleak, antolatzaileen izenean. Ipar Euskal Herrian dituzten oztopoak salatu zituzten, hala nola baxoa euskaraz pasa ahal izatea. Seaskako ikasleek brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea eskuratu dute, baina gainerako ikastetxeetan ez da hala: azterketak osoki euskaraz egiteko beharra aldarrikatu zuten larunbatean. “Euskara transmititzeko gai izanen diren hiztun osoak sortzeko garaia da”.

VII. Inkesta Soziolinguistikoak berretsi du belaunaldi gazteetan euskara emeki-emeki berreskuratzen ari dela, baina erabilera, ez: “Euskaldunok gero eta zokoratuagoak gara, erabilera beheititzen ari da eta hizkuntza maila apaltzen”, ohartarazi zuten mobilizazioan. Egoera iraultzeko ziklo berri bat zabaltzeko eskatu diete instituzioei, esanez “zinezko inbertsioa” egin behar dela “herri honek bizirauteko duen kapital garrantzitsuena”, euskara, garatzeko. Orain artekoa nahikoa ez izanik, baliabide ekonomiko eta politiko gehiago exijitu zituzten, eta “itxurakeriatik haragoko” inbertsioak galdegin.

Instituzioei zuzendutako eskeak

Hain zuzen, erabaki horiek hartu behar dituzten instituzioetako ordezkariak mobilizazioan ez zeudela gogorarazi du Berriak. Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakari Antton Kurutxarri, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarai eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak falta ziren.

Erakunde horiei eta tokiko hautetsiei zuzendu zizkieten eskeak euskalgintzatik. EEPri indar handiagoa emateko eskatu zuten, eta Frantziako Estatuak euskararentzako politika publikoa garatzeko beharra azpimarratu, Bretainiaren eta Okzitaniaren antzera. Euskal Konfederazioko eragileek jakinarazi zuten prest daudela euskararen aldeko hitzarmen berri bat egiteko lanean parte hartzeko, baina instituzioen interesa zalantzan jarri zuten. Legeak aldatzeko unea dela aldarrikatu zuten.