2016an, Nafarroan Aldaketaren Gobernua deitutakoa iritsi eta urtebetera, Ion Orzaiz eta Joxerra Senar kazetariek “Nafarroa. Orain ala inoiz ez” izeneko liburua argitaratu zuten. Izenburu apokaliptiko bezain profetikoa gero. Bertan, gobernu berriaren lehenengo urtearen balantzea egin eta legealdia amaitu bitarteko erronkak bildu zituzten. Agintaldiaren lehenengo urtea soilik igarota zegoen arren, jada bertan irakur daitezke neurrien moteltasuna eta ausardia falta leporatzeak gobernuari, edo euskaltzaleen etsipen adierazpenak.
Egun badakigu nola igaro ziren ondorengo hiru urteak ere. UPNren gobernuaren hamarkada ilunarekiko aurrerapenak gertatu baziren ere (ez zen zaila ere), euskararen berreskurapen-prozesuan eta zonifikazioa gainditzeko bidean ez zen jauzi estruktural esanguratsurik egin. Aldaketaren gobernuak ez zuen ia aldaketarik ekarri euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen egoeran.
"Aurreko legegintzaldiaren hasieran orokorrean euskalgintza eta euskaltzaleongan piztutako ilusioak kontrako eztarritik joan izana oraindik ere liseritu gabe dago. Ordu hartan ametsa ostu ziguten eta orain amesteko aukera ere ez digute eman nahi"
Iritsi zen 2019 urtea eta hauteskunde berriekin gobernu aldaketa gertatu zen. Aldaketa berri hau ez zen izan inboluzioa ekarriko zuen atzera jauzia, baina bistan da egungo indar korrelazioarekin Nafarroa osoan ofizialtasunaren onarpena lortzea ia ezinezko dirudiela. Ia diogu ez dugulako etsipenean erori nahi. Baina oraingo gobernuko batzuen jarrera euskarafobikoa eta besteen ausardia falta ikusirik itxaropen gutxi dugu.
Aurreko legegintzaldiaren hasieran orokorrean euskalgintza eta euskaltzaleongan piztutako ilusioak kontrako eztarritik joan izana oraindik ere liseritu gabe dago. Ordu hartan ametsa ostu ziguten eta orain amesteko aukera ere ez digute eman nahi. Baina ezin gara galdutako balizko aukerei begira atzerantz begira geratu. Igarotako urek ez dute errotarik mugitzen.
Ezin gara konformismoan erori ere. Ea oraingo egoeran ze ogi-apur lor dezakegun, egoerak ez omen duelako amesteko aukerarik ematen. Euskaldunok ez gara aseko ogi apurrekin, ogi osoa nahi eta behar dugu. Hizkuntza-eskubideen ezagutza eta berme osoa behar dugu. Eta hori lortzeko lehenengo urratsa ametsa berreskuratzea da. Egungo errealitatea kontuan izango duen ametsa baina, era berean, ofizialtasunaren aldeko dinamika zabal eta indartsua egituratzeko ilusioa emango diguna euskaltzaleoi. Aurkako faktoreak nagusi dira une honetan, baina ez dira betierekoak. 2015ean Erregimenaren erortzea eragin zuen indar-metaketa alez alekoa, nekaezin eta pazientziaz betetakoa, berreraiki beharko dugu hurrengo urteetan. Konplizitateak berreskuratu eta berriak sortu, sektore berriak zonifikazioa gainditzearen aldarrira gehituz. Horretarako herriz herri, elkartez elkarte, eremuz eremu, zonifikazioa injustizia bidegabea dela berriz ere zabaltzeari ekin behar diogu euskaltzaleok.
Une honetan ez dirudi auzi honetan posizioak irauliko dituen aldaketarik egongo denik epe erdian; baina gauza bera zirudien Barcina gobernutik kendua izan bezperan. Erregimenak euskararen zonifikazioan ezarria du iraun ahal izateko lubaki garrantzitsuenetako bat. Baina ziur gaude lubaki hori ez dela gaindiezina. 2015ean herritarren ekimenez eta kale mobilizazioekin erregimenaren gobernua amiltzea lortu genuen bezala, zonifikazioa ere herritarren ekimenez eta kale mobilizazioekin gainditzea lortuko dugu!
Helburu horrekin Euskal Herrian Euskarazetik gure aletxo xumea gehitzeko prest gaude. Horrela, hurrengo alea datorren abenduaren 15ean ezarriko dugu, Vascuencearen Legearen 34. urteurrena izanik, euskaltzaleei dei egiten dizuegu Parlamentuaren aurrean elkartu eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aldarrikatzera. Orain ezinezko dirudiena noizbait, ahalik eta azkarren, gerta dadin.