Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok aurkeztu zuen urtarrilaren 24an Plan berria eta gaur, urtarrilaren 25, onartuko da. “Planak Nafarroa osoan euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatu nahi die herritar guztiei”, azaldu du kontseilariak.
Planak euskararekiko eta honek izan beharreko lekuarekiko “ikuspegi berria” dakarrela adierazi du. 3,17 milioi euroko aurrekontua izango du 2017an. Halere, Ollok garbi utzi du hori ez dela izango inbertituko duten diru guztia, “plangintza aurrera eramateko Euskarabidearen aurrekontuetan dagoen partida” soilik dela.
Guztira zazpi ardatz izango ditu: erabilera soziala, hiztun berriak, zerbitzu publikoa, ospe eta erakargarritasuna, euskara motor ekonomiko gisa, marko linguistikoa eta Euskarabidearen gestioa. Bide horiek erabiliz euskara “eztabaida interesatuetatik” atera nahi dute.
Ollok azpimarratu du 1991tik elebidunen kopurua %9,5etik %12,9ra igo dela, batez ere eremu mistoan izaniko gorakadaren ondorioz. Halere, erabileraren datuak ez dira “hain baikorrak”; jakintzak gora egin arren, ez da gehiago erabiltzen.
Hizkuntzaren erabilera politikoa
UPNko Iñaki Iriartek “euskalduntze prozesuan” parte hartu nahi ez izateagatik inor okerrago ez tratatzea eskatu du: “Euskal hiztunok ez dugu zertaz lotsatu, baina gaztelaniadunek ere ez”. Geroa Baiko Koldo Martinezek UPNri egotzi dio euskararen erabilera eta normalizazioa oztopatu izana eta hizkuntzari erabilera politikoa ematea.
EH Bilduk positiboki baloratu du plana, baina hainbat puntutan zehaztasun gehiagoren beharra dagoela nabarmenduz. Podemos eta Izquierda-Ezkerrak ontzat hartu dute plana eta lehenak “ahalik eta arrakastatsuena” izatea desiratu duen bitartean, bigarrenak inongo inposizio edo obligaziorik ez dagoela adierazi du.
PSNko Inma Juríok esan du euskararen erakargarritasunean alde positiboak dituela, baina ez duela autonomia erkidegoaren errealitatea kontuan hartzen. PPko Ana Beltránek, berriz, inposiziotzat jo du plana, euskaraz aritzeko askatasun osoa dagoenean %12 bakarrik aitortzen direlako euskaldun: “Inposizioa eta politizazioa da, guztion diruaren kontura”.