Espainiako Gobernuak proposamen berri bat igorri die gainontzeko estatu kideei. Orain aste batzuk aurkeztutako lehen testua moldatu dute bigarren proposamen honetan. Ez da espero asteazken honetan egingo den bilkuran behin betiko erabakirik hartzea, baina mahaigainean jarriko dute berriz ere euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasunaren gaia. Ofizialtasuna lortzeko ezingo du inork aurka bozkatu.
Iragan urrian Europako Batasuneko estatuek euskara, katalana eta galegoaren ofizialtasunari buruzko erabakia atzera bota ondoren, Europako Batasuneko Kontseiluan euskarak “itxaron beharko zuela” adierazi zuten. Asteazken honetan mahaigaineratuko du berriz ere gaia Europako Batasuneko Mahai Orokorrak, Espainiako Gobernuak estatu kideei bidali dien proposamen berriaren bitartez. Milek P. Ansak Berrian jaso duenez, zera zehazten du honek: euskara, katalana eta galiziera hizkuntza ofizialak direla beren eremuetan; badirela akordio administratibo batzuk Europako instituzioekin komunikazio batzuetan hizkuntza horiek erabiltzeko; eta erabakia ez dela aurrekari bat izango beste hizkuntza batzuk ofizial bihurtzeko europan.
Espainiak Europako Batasunera lehendabizikoz bidalitako testua moldatu dute oraingoan, "testu hartatik ateratako irakaspenak aplikatuta". Baina Efe berri agentziak iturri diplomatiko batzuetatik jaso duenez, zenbait estatutako ordezkari “ez zeuden pozik”, gaztelaniaz soilik bidali duelako testua Espainiak, eta bilera baino bi egun lehenago. Herbehereetako Gobernuko iturri batek azaldu du “asteartean, bileraren bezperan, dokumentua irakurri ezinik genbiltzan”.
Eztabaidaren nondik norakoak
Euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen zerrendan sartu edo ez erabakiko dute, eta horretarako, hizkuntz erregimenari buruzko 1/1958 araudia moldatzeko eskaria erregistratu du Espainiak. Batzuen ustez, hori onartzekotan, “aurrerapen nabarmenak” lortuko lituzkete hizkuntzok, Europako Batasuna osatzen duten erakunde guzietan aintzat hartu beharko liratezkeelako.
Beste batzuen ustez, ordea, euskara, katalana eta galiziera “hizkuntza erregionalak” dira eta horiek onartzeak beste hainbat hizkuntza gutxituri beren ofizialtasuna eskatzeko bidea irekiko liekeela.
Aho batez onartu behar da
Europako Kontseiluak eskaera onetsi behar badu ere, Europako Batasuneko 27 herrialdeetako Atzerri ministroek osatuko dute batzordea, eta aho batez onartu beharko dute eskaera. Ezingo da kontrako botorik egon, baina abstenitu ahalko dira. Oraingoz, uzkur azaldu dira zenbait batzordekide eta Espainiako Gobernuak herrialde horiekin negoziatu beharko du, horiek abstentziora jo dezaten.