Etxarri Aranatzen, Andra Mari ikastolak antolatu du 2023ko Nafarroa Oinez, Hotsein lelopean. Festaz gain, bi aldarrikapenek hartu dute tokia: euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan eta Euskal Herri osoan euskaraz bizi ahal izatea. Hurrengo Nafarroa Oinez Zangozako Ikastolak antolatuko du.
Euskara ofiziala den eremuan dago Etxarri Aranatz. Alabaina, Andra Mari ikastolako ordezkariek, irekiera ekitaldian, Nafarroa osoa izan dute gogoan eta euskara eremu osoan ofiziala izatea aldarrikatu dute. Europar Batasunean euskara ofizial egiteko ahaleginen adibidea erabili dute Nafarroako egoera azaltzeko: “Gure herrialdeko herritar guztiei hizkuntza eskubide guztiak eta, zer esanik ez, euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea bermatu behar zaizkie, muga eta zonifikazioen gainetik, bai Lerinen, Lezkairun zein Etxarrin. Euskaldunok merezi badugu euskara Europan ofiziala izatea… nola ez Nafarroa osoan!”.
Ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, ikastolek Nafarroan betetzen duten funtzioa azpimarratu dute: “Ikastolok Nafarroaren lurralde osoan zabaldurik gaude, eta gure konpromisoari eutsiko diogu, marra gorriak gaindituz: euskaraz hazi eta hezi nahi duten herritar guztiei, eskubide hori bermatuko diegu”.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak ere, ofizialtasunaz egin ditu adierazpenak. Haren ustez, indar bereziz ari da zabaltzen aldarrikapena, baina Nafarroako Parlamentuan gehiengo nahikorik ez du.
Euskararen alorreko hainbat eragilek eta erakundek hartu dute parte irekiera ekitaldian. Ordezkari politikoei dagokienez, Nafarroako Gobernuko hainbat kide eta legebiltzarreko hainbat talde gerturatu dira, hala nola, EH Bildukoak, Geroa Baikoak eta UPNko Iñaki Iriarte.
Pozarren agertu dira antolatzaileak egunaren bukaeran. Egunari begirako helburuak bete direla adierazi dute prentsa-oharrean eta eskerrak eman dizkie Nafarroa Oinezen, era batera edo bestera, parte hartu duten lagun guztiei.