Lagun batek kontatua: 14 urteko semeak esan omen dio azken Korrikak «euskararena» beste era batera biziarazi diola. Adibidez, balio izan omen du bera bezala euskalduntasunean ardazten diren zenbait ikaskide eta lagun «armairutik ateratzeko». Balio izan omen die euskararen komunitatea ugaria, indartsua eta zabala dela ikusteko. Sentiarazi omen dio ez dagoela bakarrik, zerbait handi eta garrantzitsuaren parte dela. Euskaraz harrotasunez aritzeko kemena eman ei dio.
Egun batzuez. Pobrearen etxean pozak labur izaten dira, eta halaxe, nonbait, nerabe honen baitako euskaldun eta euskaltzalearenean ere. Izan ere, pozarekin batera atsekabea adierazi dio amari: «Eskuetan zulatutako pitxer bat izatea bezala izan da, beteta zegoela uste nuen, baina segituan hustu da». Amak erantzun bide dio ur hori ez dela galtzen, Korrika garaian ontzia bete zuen tanta horietako bakoitza orain beste nonbaiten dela, bakarka bada ere eragiten. Ez daki semea konbentzitu duen. Ez daki bera ere konbentzimenduz ari den...
Izan ere, ez da alferrik euskara hizkuntza minorizatua; hau da, hainbat gutxieste eta zigor formatan aurrera eraman den −eta oraindik gauzatzen den− menderatze historia baten emaitza. Edo egokiago esanda: ez da alferrik euskararena minorizatutako hiztun komunitatea, hiztunen kontra gorpuzten baitira gutxiespen eta zigorrak, hiztunek jasaten dute hizkuntz menderakuntza. Ondorioz, asko dira minorizatutako hiztun komunitatea izateak erantsitako zamak, asko konplexuak. Adierazgarrienetako bat geure buruaren pertzepzio ahula dugula, indibidualki zein kolektiboki. Guk geuk ere gutxietsi egiten dugula gure garrantzia, eragiteko indarra.
"Ez da alferrik euskara hizkuntza minorizatua; hau da, hainbat gutxieste eta zigor formatan aurrera eraman den −eta oraindik gauzatzen den− menderatze historia baten emaitza"
Egia esan, hurbila zait 14 urteko mutikoaren bizipena, haren amaren zalantza... Neu ere halatsu nabil... Sinetsita nengoen euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldia goraldi betean den honetan hizkuntzaren auziak presentzia nabarmena izango zuela, esaterako, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan. Etorkizunera begirako erronken tamaina aintzat harturik, uste nuen euskaltzaletasunean kokatzen diren alderdien ardatzeko proposamen lerroetan egongo zela euskararen normalizazioa. Are eta gehiago, Korrikan herri harro bat ez ezik gizarte adostasun zabal bat erakutsi dela ikusita. Ez da hala gertatu. Tamalez, badirudi hurrengo Jaurlaritza osatzeko proposamen gurutzaketa eta eztabaidetan ere euskararen normalizazio eta biziberritzea ez dela ardatzeko, ezta marra gorri ere. Eta panorama zabal genezake Ipar Euskal Herrira eta Nafarroara. Honetan, nazioa gara.
Ez da erraza ulertzen, alderdiak esan eta esan ari baitzaizkigu herritarren ongizateari zuzen lotzen zaizkion auziak aintzatetsi dituztela. Beraz, balirudike hizkuntz eskubideen bermea edota euskaraz bizitzeko aukera eta askatasuna, ongizate parametroetatik kanpo daudela... Ez da erraza ulertzen, euskalgintza askotariko eta zabala ez ezik, soziolinguistikako ikerketa eta aditu puntarengoenak ari zaizkigulako esaten euskararen biziberritzea zalantzan dagoela, Ipar Euskal Herriko eragileek joa dutelako larrialdi linguistikoaren alarma...
Ulertzekotan, minorizazioak erantsitako zama eta konplexuetan topatu behar honetarako ere gakoa: balirudike euskaltzaletasunean kokatzen diren alderdiei kosta egiten zaiela gizarteak euskararen alde adierazitako indar eta adostasunean sinestea; are, euskaltzaletasunak gizarteari dakarkion onuran, ongizatean. Ohartu gabe euskararen normalizazioan aurrera egitea herritar guztien oinarrizko eskubideen bermean aurrera egitea dela, justizia sozialean, gizarte kohesioan, askatasunean, bizikidetzan eta demokrazian sakontzea. Ongizatearen oinarriaz ari garela euskararen normalizazioaz ari garenean.
"Alderdiak esan eta esan ari baitzaizkigu herritarren ongizateari zuzen lotzen zaizkion auziak aintzatetsi dituztela. Beraz, balirudike hizkuntz eskubideen bermea edota euskaraz bizitzeko aukera eta askatasuna, ongizate parametroetatik kanpo daudela..."
Urgentziaz heldu behar zaio auziari. Izan ere, larrialdiaren oihartzuna ez dator Ipar Euskal Herritik soilik, baizik eta hizkuntz biziberritzearen arloan eredu miretsi dugun Katalunian ere larrialdi linguistikoaren diagnostikoa ari da zabaltzen. Ez alferrik. Ikusten ari gara estatuen hizkuntz supremazismoa goraldian dela. Eta, aldi berean, frogatzen nola globalizazioaren egungo aldaera kultur homogeneizazioa gauzatzeko makineria erraldoi bat den; hizkuntza hegemonikoak indartzeko eta gutxituak oraindik eta gehiago ahultzeko tresneria itxuraz suntsigaitza.
Nolanahi dela, ez gaitezela minorizazioak erantsitako konplexu eta etsipen kiribiletan kateatu. Baditugu gutxitze egoerari aurre egiteko bideak. Eta horietako bat da herritarren aktibazioa, gizarte giharraren eragin gaitasuna. Indartsua eta ezinbestekoa. Horren erakusle izan da Korrika, eta horren erakusle izango da Euskaraldia 2025eko udaberrian. Horren erakusle da milaka herritarren eguneroko bizi jarduna. Ezinbestekoa da, baina ez da aski. Euskararen normalizazio eta biziberritzea bermatzeko hizkuntza politika sendo bihurtu behar da herritarren bultzada: politika publiko eraginkor, indartsu eta, batik bat, konplexurik gabekoetan, bai araugintzari dagokionez, bai hartara bideratzen diren baliabideetan. Hau da, herrigintzarako lehentasunezko eta estrategiko jotzen diren gainerako arloetan jokatzen den bezala jokatu behar da honetan ere.
Herritarren bultzada badago... Ispilatuko ote da orain eragile politikoen hautu eta lehentasunetan... Konplexuak astindu eta sinets dezagun: mundua minorizatutako hizkuntz komunitateon kontra dugu, baina geure burua eta geure hizkuntzak ditugu munduaren alde.