argia.eus
INPRIMATU
Euskararen Nafar Kontseiluak merezimenduen dekretuari kontrako botoa eman dio
  • Kideek kritikatu dute eremu ez euskaldunean euskara batere baloratzen ez dela eta eremu mistoan ere oso balorazio murritza egiten zaiola, besteak beste.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko apirilaren 27a

Euskararen Nafar Kontseiluak kontrako botoa eman dio Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Foru Dekretuaren proiektuari. 8 abstentzio eta 14 aurkako bozka eman dizkiote gaur goizean egindako osoko bilkuran.

Javier Remirez Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barne Gaietarako kontseilaria izan da saioaren hasieran kontseiluko kideei adierazteko zer aldaketa tekniko egin dituzten testuan prozeduran zehar.

Aldaketa horiek txikiak izan dira eta ez dute dekretuaren mamia aldatzen. Orain Europako hizkuntza ofizialak beharrean, lan hizkuntzak esaten da, adibidez, ingelesa, frantsesa eta alemanari buruz mintzatzerakoan, eta hainbat zehaztasun tekniko egin dituzte. Euskalgintzako ordezkari zenbaitek adierazi duten bezala, ez daude ados dekretuarekin eremu ez euskaldunean euskara batere baloratzen ez duelako eta eremu mistoan ere  oso balorazio murritza egiten zaio oso lanpostu gutxitan. 

Ez daude ados, era berean, kontseiluari eman dioten paperarekin prozesu honetan, aukerarik ez dutelako izan haien ekarpenak modu eraginkorrean eztabaidatzeko.

Kontseiluaren iritzia ez da loteslea, beraz proiektuak bere tramitazioa jarraituko du.

Orain Gobernura eramanen da,  hark Nafarroako Kontseiluaren txostena eska dezan. Zaila izanen da hauteskundeen aurretik onartzea, beraz seguruenera hurrengo legealdian izanen da dekretu berria abian jartzeko unea.