1986an Euskararen Foru Legea onartu zenetik 35 urte pasatu direnean, Nafarroako Gobernuaren euskararen organo aholkulariaren esanetan bada garaia legea gizartearen egoerara egokitu eta euskararen ofizialtasuna erkidego osoan onar dadin.
Kontseiluaren ustez legea hasieratik da baztertzailea euskaldunekiko, hizkuntza eskubideak muga geografikoen arabera finkatzen dituelako eta hori “zentzugabea” delako. Behin ofizialtasuna lurralde osoan onartuta, euskaldunen eskubideak bermatzeko jartzen diren neurriak eta bitartekoak “bai izan daitezke desberdinak”. Kontseiluko kideen herenak joan den martxoan proposatutakoa onartu du orain Euskararen Nafar Kontseiluak gehiengo handiz: hemeretzi baiezko eta hiru abstentzio.
Azken 35 urteetan Nafarroako gizartea asko aldatu dela deritzo kontseiluak, “eta eremu bakoitzean dauden euskaldunen kopurua ere bai. Zail izango dugu euskaldunik ez dagoen udalerririk aurkitzea”. Zehazten duenez, denbora horretan udal gutxi batzuk pasatu dira eremu mistotik euskaldunera edo ez euskaldunetik mistora, baina oro har, legean ez da ia aldaketarik izan.
Zorroztasunez mintzo da kontseilua: “Gauzak argi esanda: lege honek nafarrak diskriminatu egiten ditu eremuaren arabera, legeak berak aditzera ematen badu ere hizkuntza dela-eta inor ezin daitekeela diskriminatua izan”. Euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela diote eta, beraz, legeak babestu beharko lukeela alor publikoko jarduera euskaraz egiteko eskubidea, gaur egun 1986ko euskararen legeak ahalbidetzen ez duena.
Horregatik guztiagatik, “Euskararen Nafar Kontseiluak Nafarroako Gobernua premiatzen du euskara Nafarroako Foru Komunitate osoan ofiziala izan dadin Euskarari buruzko Foru Legea lehenbailehen aldatzera, herritar euskaldunen legezko baztertzea amaitu dadin eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bete daitezen, herritar erdaldunenak betetzen diren bezalaxe, jakinki erabaki hori Nafarroako herritar guztiendako onuragarria izanen dela”. Ana Ollo kontseilariak eskaera dagokion organoetara eramateko konpromisoa hartu zuen.
Merezimenduen foru dekretuaren aurka
Halaber, Nafarroako Gobernuak kontratazio publikoan erabili beharreko merezimenduak arautzen dituen dekretuaren aurka egin zuen joan den irailaren 16an Euskararen Nafar Kontseiluak: hamasei boto aurka eta sei abstentzio. Nafarroako Gobernuaren lege eta dekretuek euskararen kontseilutik iragan behar dute, baina ez dira lotesleak, eta beraz, Maria Chiviteren gobernuak aurrera jarraituko du dekretuaren tramitazioarekin.
Gobernua prestatzen ari den dekretua atzerapauso bat da 2017an Uxue Barkosen gobernuak onartutako dekretuarekin alderatuta, eta eremu ez euskaldunean frantsesa, ingelesa eta alemana –Europako hizkuntza ofizialak diren heinean– puntuatuko dute merezimenduetan, baina lurraldeko berezko hizkuntza den euskarak ez. Euskara soilik baloratzen da meritu gisa eremu euskaldunean, eta eremu mistoko lanpostu gutxi batzuetan.