PSNk, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik aurkeztutako Euskararen Foru Legean aldaketak bideratu dituzte legebiltzarreko mahaikide eta bozeramaileek.
Bilduk eta Aralar-NaBaik ere proposamena babestu dute, "hizkuntz eskubideak bermatzeko nahikoa izan ez arren". Eta UPN eta PP kontra azaldu dira.
Juan José Lizarbe sozialistak Europa Pressek jaso dituen adierazpenetan esan du, proposamenaren bidez ase nahi dutela sare publikoak eremu ez euskaldunetan bizi diren eta euskarazko hezkuntza nahi dutenen eskaria.
Norabide berean hitz egin du José Miguel Nuin I-Eko bozeramaileak: “Euskararen irakaskuntza Nafarroa osora zabaldu behar da eta orain arte eremu ez euskaldunean bizi zirenen bazterketarekin amaitu”.
Nuinek esan du hamabost eguneko epe muga dutela legebiltzarkideek zuzenketak egiteko eta Nafarroako Gobernuak txostena aurkezteko.
PPren kritikak PSNri
Ana Beltran PPko ordezkariak berriz PSNri “tokatzen” ez zaion arazo batean sartzea egotzi dio. “Bururik gabeko oilo batek bezala jokatzen du. UPNrekin akordio fiskalak egiten ditu eta gero nazionalistekin batzen da Euskararen Legea aldatzeko”, gaineratu du.
Sozialistei eskatu die argi edukitzeko zein diren bere “printzipioak eta hartu beharreko bideak”.