Estatus bat gure lurraldearentzat, estatus bat gure hizkuntzarentzat lelopean deitu dute manifestazioa urriaren 24rako Ipar Euskal Herrian. Batera Plataformak eta Euskal Konfederazioak antolatu dute mobilizazioa.
Ipar Euskal Herrian hizkuntzaren ofizialtasuna eta lurraldearen aitortza eskatzeko mobilizazioa izanen da Baionakoa, eta eskualde hizkuntzak dituzten beste lurraldeekin batera antolatu dute hitzordua: Korsikan, Okzitanian, Bretainian eta Alsazian ere mobilizazioak deitu dituzte.
Lurralde bakoitzak, ordea, leloa bere egoerara egokituko du. Ipar Euskal Herrian hizkuntzaren eskakizuna lurraldetasunarekin lotu dute, bien arteko “lotura handia” baita Sebastien Castet Konfederazioko bozeramailearen arabera: “Elkargo bakarra izateak hizkuntza politika indartsuagoa bultzatzea ahalbidetuko du”.
Urte garrantzitsua izanen da aurtengoa Ipar Euskal Herrian, Udal guztiek erabaki beharko baitute lurralde osoa elkartuko duen erakunde publikoaren alde dauden ala ez. Urriaren 24koa Baterak udaberri arte egingo duen sentsibilizazio kanpainaren hasiera izanen da, herriz herri ibiliko den karabana abiatuko baitu data horretan. Kanpaina diruz laguntzeko eskaera egin dute, eta plataformaren webgunean dago ekarpenak egiteko aukera.