argia.eus
INPRIMATU
Euskararen eta alkatearen aurkako esku-orriak agertu dira Antzinen
  • Nafarroako Lizarrako Merindadeko Antzin herrian euskararen eta bertako alkate Javier Dalloren aurkako esku-paperak agertu dira kaleetan joan den asteburuan.

     

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 08a

Diario de Noticiasek kaleratutako albistearen arabera, “En Ancín el chusquera ni se habla ni se quiere” dio mezuetako batek; beste batean “El dictador J. Dallo y su cuadrilla de Ayuntamiento de Ancín nos quiere imponer el vasco. Se lo impones a tu puta madre” irakur liteke (“Antzineko J. Dallo diktadoreak eta udaleko bere taldeak euskara inposatu nahi digute. Inposa iezaiozu zure ama putari”).

Azken esku-orriak hauek joan den asteburuan agertu dira, baina lehenago ere azaldu dira gisa bereko mezuak. Herriko eskolan D ereduko adar bat irekitzeko eskaerarekin bat egin dute mehatxu eta irain hauek. D ereduko matrikulazio kanpaina egin denean, Erriberako beste hainbat herritan ere izan dira euskararen aurkako mezuak.

Dallo alkatearen esanetan, lehenago ere agertu dira halako mezuak, esaterako boto-paperetan, eta berak ez dio garrantzi handirik eman nahi. Hala ere, Foruzaingoari esku-orrien berri emango dio, gertatutakoa jasoa gera dadin eta "gehiagora joango balitz ere" kontuan izateko.