argia.eus
INPRIMATU
“Euskararen Errepublika” aldarrikatu du EHEk Durangoko mobilizazioan
  • Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan. Apirilean epaituko dituzte Baionako epaitegian pintaketak egiteagatik atxilotutako EHEko bi kideak.

     

Leire Ibar 2024ko abenduaren 09a

Egoeraren kontzientzia hartu eta euskararen aldeko borroka indartzeko beharra azpimarratu du Euskal Herrian Euskarazek. Osotasunez euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoen heinean, borrokan jarraitzera eta “euskaldunon harroaldia" piztera deitu du.

Euskararen auzia norbanakoen ardura izatetik haratago, egiturazko arazoen ondorio dela azpimarratu du mugimendu euskaltzaleak. Oldarraldia “sistemak ezarritako oinarrietan eta joera erreakzionarioen gorakadaren testuinguruan” ulertu behar dela azaldu du.

Eragile euskaltzaleak dei egin die, alde batetik, alderdi euskaltzaleei, “haien ardura hartu dezaten eta euskara bazterretik lehentasunetara ekar dezaten”, eta, beste alde batetik, “mundua aldatzeko borrokan” ari diren horiei guztiei, “euskalduntze olatu berrira” batzera.

Larunbat honetan egin dute mobilizazioa euskararen aldeko aldarriak zabaltzeko. EHE
Epaiketa apirilean

EHEko bi kide epaituko dituzte apirilean, euskararen egunean Baionan egindako aldarriagatik. Justizia euskaraz tintaz idatzi zuten abenduaren 3an Baionako epaitegiaren atarian Euskal Herrian Euskarazeko bi kidek. Ekintza egin ostean sei orduz atxilo eduki zituen polizia frantsesak biak, eta apirilaren 11rako deitu dituzte epaiketara.

Euskararen egunean “euskararentzat eta euskaldunentzat justiziarik ez dela” salatzeko egin zuten ekintza. Bi kide atxilotzeaz gain, inguruan zebiltzan beste kide batzuk ere identifikatu zituzten, eragileak informatu zuenez.