argia.eus
INPRIMATU
Euskararen erabilerak gora egin du EAEn azken 25 urteetan
  • VI. inkesta soziolinguistikoko datuak argitaratu dituzte, EAEkoak kasu honetan. Inkestaren 25. urteurrenean euskararen ezagutza, erabilera eta babesaren gorakada egiaztatu dira.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 17a
Inkesta soziolinguistikoaren aurkezpena. (Arg.:Eusko Jaurlaritza)

Lehen aldiz Euskal Herriko hiru administrazioek batera egitea erabaki dute. Oraingoz EAEko datuak bakarrik kaleratu diren arren, Nafarroakoak ere laster izango dira eta Iparraldekoak 2017. urtearen hasieran. Aurkezpena Mathieu Bergé Ipar Euskal Herriko Erakunde Publikoko presidenteak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabide institutuko zuzendari nagusiak eta Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak egin dute.

Baztarrikaren hitzetan “hazkunde baten kronika” da euskararena: “Euskal gizarteak badu pozik eta harro egoteko motiborik”.

Bost urtetik behin egiten den inkesta honek 16 urtetik gorako herritarrak ditu oinarri eta EAEren kasuan 4.200 laguni egin zaie —8.200 guztira—. Hizkuntza gaitasuna, euskararen transmisioa, erabilera eta bere sustapenari buruzko jarrera neurtzen ditu.

Hiru lurraldeak kontuan izanik 1991n baino 212.000 euskaldun gehiago daude. Gipuzkoan euskaldunak erdia baino gehiago dira, Bizkaian laurdena baino zerbait gehiago eta Araban, berriz, bostetik batek du ezaguera. Araban portzentajea bikoiztu egin da.

Euskaldunen portzentajeak %1,9 egin du gora 2011. urtetik. Atzera begiratuz, 25 urtean euskara dakiten gazteen ehunekoa hirukoiztu egin da.

Gazteen erdiak baino gehiagok etxetik kanpo ikasi dute euskara, orain arte gertaturikoari aurka eginez. Hori dela eta, gehienek gazteleraz hobeto egiten dute, euskara bigarren hizkuntza baitute. Aldeak handiak dira lurraldearen arabera, Gipuzkoaren kasuan gazteen %36ak egiten du euskaraz errazago, Araban %7ak.

Bi gurasoak euskaldunak direnean ia beti —%96 — euskara transmititzen zaie umeei. Euskalduna guraso bakarra denean hamarretik seitan gertatzen da hori.

Erabilerak ere gora egin du eremu soziolinguistiko guztietan, biztanleen %80 baino gehiago euskaldunak direnetan izan ezik. Bataz beste, 25 urtean %7,9 hazi da.

Euskara sustatzearen alde agertu da inkestan parte hartu dutenen gehiengoa: lurraldeka begiratuz gero, Gipuzkoan %75 , Bizkaian %62 eta Araban %53. Euskararen ezagutzaren arabera sailkatuz hamarretik bederatzi euskaldun daude sustapenaren alde, euskara ulertzen dutenen %63 eta ulertu ere egiten ez dutenen artean erdia.