Argi-itzalak daude lurraldeka, euskararen kale-erabileraren bilakaerari dagokionez:
- Bizkaian azken hamar urteetan behera egin du.
- Gipuzkoan azken bosturtekoan hasi da atzerakada.
- Araban, eta batez ere Nafarroan, gora egin du erabilerak azken bost urtean.
- Ipar Euskal Herrian inoizko erabilera-indizerik baxuena jaso dute.
Hiriburuetako euskararen kale-erabileraren bilakaerek beren lurraldeetako joera bera izan dute, Iruñean izan ezik:
- Iruñea: bere horretan dago 1997tik.
- Gasteiz: igoerarik nabarmenena izan du azken bost urtean.
- Donostia: azken hamar urteotan atzera egiten ari da.
- Bilbo: azken hamabost urteotan behera egin du.
- Baiona: apaldu egin da 2011tik, eta gaur egun, gaztelaniaren erabilera bezainbestekoa da euskararena.
Euskal Herrian, zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara, ikerketaren arabera:
- Hogeita zazpi urteko bilakaeran (1989-2016), haurren, gazteen eta helduen erabilerak gora egin du. Adinekoen erabilerak, berriz, etengabeko beherakada izan du. Hala ere, hamar urteotan adin-talde guztietan atzerakada gertatu da.
- Gainera, haurren presentzia eragin handiko aldagaia da euskararen kale-erabileran, gora egiten baitu erabilerak umeak daudenean.
- Nabarmentzekoa da Ipar Euskal Herriko haurren arteko euskararen erabilera 2,5 puntuan igo izana azken hamar urteetan.
Generoaren arabera badago aldea ere: emakumezko haur, gazte eta helduek euskara gehiago erabiltzen dute. Portaera hori errepikatu egin da azken hiru edizioetan eta orokorra da lurralde guztietan.