Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu dugu iturri. Eta orain itsaso handi eta zabal bat izanen da. Hala ere, itsaso zabal baten parekoa den arren, estatuan ez da oasi txiki bat baino, baina hura lehortzea kosta behar zaizue.
Gauza jakina da, azkenaldian, zuzenbideak jorratzen dituen hainbat arlotan euskararentzat oso zuzenak ez diren bideak hartu dituzuela epaitegietan. Dirudienez ez zaizue asko inporta herri honen ahotsa. Zenbat gera? Hiru? Lau? Sei? Zazpi? Bai, zazpi gara eta zazpiak bat asko gara. Ezin duzue gure oihua isilarazi. Guk hizkuntza bat dugu herri honetakoa, benetakoa eta betikoa. Eta hemen bada herri bat euskaraz bizi nahi duena eta oztopo guztien gainetik bere hizkuntzaren alde borrokatzeko prest dagoena. Zuen artean manifestu hau ulertzeko itzultzaile bat behar duenik ere egongo da, eta hori onartezina da. Ertzainen artean euskara ulertzen ez dutenak ere asko dira. Gogoan dut multa euskaraz jartzeko eskatu zuen gizonaren kasua, euskaraz eskatze hutsagatik multa bikoitza ordaindu behar izan zuen. Eta Osakidetzan ere arreta euskaraz jasotzeko aukerak oso murritzak dira.
Gure hizkuntzak zenbait zapalkuntza jasan behar izan ditu historian. Gaur egun bere ofizialtasun eza adierazten duten zantzuak ugariak dira Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eta ez da oharkabean igarotzen atzerriko hizkuntzen mehatxuen presentzia Euskal Herrian. Eta azken urteetan euskararen aurkako oldarraldia gero eta latzagoa da eta ez du etenik: nola da posible euskara ofiziala eta gehien erabilia den herri batean lanpostu publiko baterako euskara ez jakin behar izatea?
Azken urteetan ugariak izaten ari dira euskararen biziberritzearen aurkako sententziak epaitegi eta auzitegien bitartez. Legea aplikatzen dutela diote baina errealitatean euskaldunon aurkako erabakiak dira, euskaraz bizi nahi dugunon aurkako erabakiak dira, euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak dira. Sententzia horien bitartez, euskaldunok bigarren mailako biztanle gisa gara tratatuak, mespretxuz, zapalduz, eskubideak murriztuz. Eta hori guztia ez da Madrilen hala Parisen pasatzen, ez, Euskal Herrian gertatzen da, euskararen herrian. Gure hizkuntza kendu nahi digute, baina ez dute lortuko. Berez etikoki eta moralki perfektua izan beharko lukeen horrek; hau da, justiziak, hamaika aldiz faltatu digu errespetua. Nabaria da legeak Gaztelako herrian eginak direla eta herri hartako hizkuntzaren pribilegioak zaintzen dituela justua ez izanagatik ere.
Ehunka urteko sokatiran bizi gara, euskararen aurkako edota aldeko sokatiran, erdararen alde daude tiratzen Frantziako eta Espainiako estatuak, baita estatuko indar politiko, mediatiko eta judizialak ere. Ikusi besterik ez dago, Ertzaintzaren, Osakidetzaren, zaintza arloaren eta beste hainbat eta hainbat baliabide publikoren errealitate soziolinguistikoa. Baina, euskararen alde herri bat dago martxan.
Arantzak kendu nahi izan dizkiguzue, eta hegoak ebaki, baina ez duzue txantxangorria harrapatzerik lortu, eta oraindik hegaka dirau zazpi haizeetan barna euskara zabalduz. Beraz, argi geratzea nahi dugu que esto no es País Vasco!! This is not Basque Country!! C’est ne pais Pays Basquè!! Hau Euskal Herria da, euskararen herria, eta gure herriaren hizkuntza eta haren eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu euskaratik eta euskaraz. Gazteak gara eta etorkizuna daukagu eskuan, eta ez da hilko Euskal Herria gu bizi garen artean.
Segi dezagun iturri zaharreko ur berria edaten.
Gora Euskal Herri euskalduna!
L.I.E. - Laskoraingo Ikasle Euskaltzaleak