ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Abenduaren 3an Bizkarsoro filma eskaini zuen ETB1k gauean, euskararen zapalkuntzaren historia bat kontatzen duen filma, Josu Martínezek zuzendurikoa. Aldi berean, bigarren katean (ETB2) Tasio eskaini zuten. Biak ala biak Euskararen Eguna “ospatzeko” programatu zituen telebista publikoak.
Jokabide horrek haserrea piztu du sareetan, eta euskarazko filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri, are gehiago jakinda bigarren katean ere Bizkarsoro gaztelaniazko azpidatziekin emateko aukera zuela.
Filmaren banaketan eta komunikazioan parte hartu duen Gotzon Barandiaranek azaldu duenez, hala proposatu zioten telebistari, baina “baten batek ETB2n Tasio emititzea erabaki zuen, Euskararen Nazioarteko Egunean euskaldun batzuk betidanik espainolez bizi garela erakusteko”, idatzi du sarean. Bere ustez, “hautu politiko maltzurra” da hori.
Berria-ko kazetari eta Txoria Hodei artean. ETB lehen eta gero liburuaren egile Urtzi Urkizuk gau horretako audientzia datuak ikusita –Bizkarsoro-k %1,7 eta Tasio-k %10,7– Kike Amonarrizek libururako azalduriko ideia bat nabarmendu du: “ETB1ekin egiten dugun lana neurri batean ETB2k neutralizatzen duela”.
Baina haserrea are handiagoa izan da ETBk audientzia horien harira zabaldutako mezua ikusita. Gaztelaniazko filma jarri zuten egun horretan, ETB2k “audientzia bikainak” lortu zituela dio albisteak, eta “kanalik ikusiena” izan zela.