EHE

“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

  • Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez, “kaleko borroka nahiko desagertuta” egon da eta “kalea berreskuratzeko” prestatu dute Harrotze Astea.

Sugoi Etxarri eta Intza Gurrutxaga EHEko kideek aurkeztu zuten Harrotze Astea. Argazkia: Gorka RUBIO | FOKU.

2024ko apirilaren 16an - 07:30

Lehenengo aldia da EHEk Harrotze Astea antolatzen duela. Zergatik antolatu duzue? Zein dira helburuak?

Garai batean, EHEk Ezabaketa asteak eta egunak antolatzen zituen, eta horien bidez eragin nahi zen Euskal Herri euskaldunaren alde, kaleko hizkuntza paisaiatik, gehienbat. Euskararen aldeko kaleko borroka nahiko desagertuta zegoela-eta, horren antzeko zerbait berreskuratu nahi genuen, kontzientzia pizteko ariketa kolektibo bat egin. Alabaina, hortik haratago joan nahi genuen, ez bakarrik hizkuntza paisaian eragin, baizik eta beste alor batzuetan ere bai.

Eta zein beharretatik? Euskalgintza, euskararen aldeko mugimendua, zuzentasunean nahiko geldituta dagoela ikusirik, kaleak berreskuratzeko beharra ikusten genuen, beste modu batean aritzekoa, ez hain zuzen, ez hain hitz neurtuekin, disruptiboago, pixka bat bihurriago.

Beste gauza bat ere gehitu nahi dut. Ongi dago euskararen komunitatea zabaltzea, baina trinkotzea ere inportantea da, eta kide garenok garen hori harro eramatea. Lotsarik gabe esan behar dugu gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugula. Harrotze Astean aukera polita dugu bide horretan pauso bat emateko.

Nori egin diozue gonbidapena?

Edozein talde zein norbanako euskaltzaleri. Bereziki, gaur egun dauden euskararen aldeko planteamenduak nahikoa ez direla uste duten horiei, kontzientzia berpizteko beharra ikusten duten guztiei.

Nola gauzatuko da Harrotze Astea?

EHEtik bost ekimen nazional, bost ekintza zuzen, bermatuko ditugu, oso estilo eta formatu desberdinetakoak. Horiez gain, herriz herri, auzoz auzo, eta eskualdez eskualde eginen dira bestelako ekintzak, tokian tokiko euskaltzaleek edo bestelako eragileek bultzatuta. Gida bat sortu dugu ekintzak antolatzerakoan irizpide edo ideia batzuk edukitzearren. Parte hartu nahi duenak eskatu egin behar du gida (komunitatea@ehe.eus). Tokian tokiko eragileei eskatu diegu #euskaraztaharro traolaren bidez zabaldu ditzatela ekintzak.

"Euskalgintza, euskararen aldeko mugimendua, zuzentasunean nahiko geldituta dagoela ikusirik, kaleak berreskuratzeko beharra ikusten genuen, beste modu batean aritzekoa, ez hain zuzen, ez hain hitz neurtuekin, disruptiboago, pixka bat bihurriago".

Kalea berreskuratu, diozue. Nola dago kalea?

Euskararen aldeko mugimendu zabala, euskalgintza, azken urteotan, orokorrean, nahiko baxu egon da indarrez, eta instituzionalki egin beharko liratekeen aldaketak eskatzera bideratuta, edo adostasun sozialak lantzera. Lan hori beharrezkoa da, baina horrez gain, ahaztuta utzi dugu kaleko euskalgintza. Horrekin esan nahi dut, gauzak hain zuzen edo hain hitz neurtuekin esan beharrean, sentitzen eta bizitzen ditugun bezala esan behar ditugula, politikoki hain zuzenak izan gabe, inor mintzeko beldurrez ibili gabe, gordinago. Euskaldunok euskaldun gisa euskaraz bizitzeko behar dugun hori modu garbian eta zuzenean esan behar dugu. Hau da, ofizialtasuna behar badugu, bada ofizialtasuna behar dugu, mediku euskalduna behar badugu mediku euskalduna behar dugu.

Gure eskubide urraketen arduradunak seinalatu behar ditugu, euskaraz bizitzen uzten ez digun hori markatu, basquewashing-ak biluztu. Beharrezkoa da, zeren bestela, hitz politen artean gure zapalkuntza kamuflatu egiten da.

Eta euskaldunok presioa, tentsioa, galtzeko arriskua al daukagu?

Hori da bestea. Euskaldunok, azken urteetan, uste dugu gure hizkuntza salbatze bidean dagoela, giroan tentsioa galdu da, eta euskararen bilakaera soziolinguistikoan geldialdia dakar, besteak beste.

Tentsioa berreskuratu behar dugu, euskaraz bizitzea ukatzen diguten horiekiko konfrontazioa handitu behar dugu. Gure eskubideak mahai gainean jarri behar ditugu, euskaldunek ere ikus dezaten hizkuntza ez dagoela salbatuta.

Kontzientzia piztu, diozu. Arriskua ikusten duzue, beraz, zapalkuntza dagoela ahaztekoa?

Lan egiten dudan institutuko ikasle batzuek esaten zidaten normala dela hamar euskaldun eta erdaldun bat dagoenean denak erdaraz aritzea. Hor ikusten da nola nagusitu den logika orokor bat, guztiz euskararen aurkakoa. Despolitizazioak, praktikotasun hutsa bilatzeak, kontzientzia galera eragiten du. Gatazkak ikusezin bihurtzen dira. Berriz agerian utzi behar ditugu bizi ditugun zapalkuntzak. Feminismoak lortu du, nahiko ongi, genero zapalkuntza ikusaraztea, eta jende guztiak betaurreko horiekin begiratzea. Guri dagokigu hizkuntzaren betaurrekoak eskaintzea eta sozializatzea.

"Despolitizazioak, praktikotasun hutsa bilatzeak, kontzientzia galera eragiten du. Gatazkak ikusezin bihurtzen dira. Berriz agerian utzi behar ditugu bizi ditugun zapalkuntzak".

‘Harrotu’, ‘harrotze’... terminoak darabilzkizue. Kikilduta al gabiltza euskaldunak?

Ez da kasualitatea Korrikaren leloa Harro herri izatea eta Gazte Euskaltzaleen Sareak ere antzeko lelo bat erabili izana. Oldarraldi judizial, mediatiko, eta abarren ondorioz, gure gutxiagotu egoeraren kontzientziaren berpiztea gertatzen hasi da. Gure konplexuez, gure ahultasun egoeraz, jabetu gara, eta beraz, kolektiboki ahalduntzeko beharra dugu, kolektiboki harrotu behar dugu. Hitzaren hainbat esanahiri erreparatu diegu eta horiekin denekin irudikatzen da Harrotze Astearekin lortu nahi duguna: hautsak harrotu, ezkutuan geratzen dena harrotu (agerian utzi); bihurrikeriatik ere badu, harrotuta gaude. Harrokeriatik ez dugu nahi, baina bai harrotasunetik.

Zer moduz dago EHE?

Astindu prozesutik ["Sentsazioa da instituzio batzuek euskalgintzaren isiltasuna erosi nahi dutela", ARGIA, 2021-04-18] hona talde motorra guztiz berritu da. Jende berria eta gaztea sartu gara. Sarea indartzen eta zabaltzen ari gara. EHEk azken urtean kide aktibo kopurua bikoiztu du. Ilusio eta gogo berriarekin gaude. Gero eta jende gehiagok hartzen gaitu kontuan, gugana jotzen dute euskararen alde eragiteko. Behetik gorako joeran gabiltza. Uste dugu aipatu ditugun beharrak jende askok ikusten dituela.

Komunitatea osatzen ari zarete. Aliantzak bultzatuko zenituztela esan zenuten.

Momentu honetan garatzen ari garen komunitatea urrun dago militantzia eredu klasikotik, non herriz herriko taldeak, eskualdekoak eta herrialdekoak zeuden. Mota desberdinetako militantziak jasotzeko malgutasuna behar genuela pentsatu genuen eta orain sareak ditugu, hainbat sare, eta bakoitzak erabakitzen du zer, non eta nola egin nahi duen ekarpena. Lehentasuna eman diogu hiriburuetan taldeak sortzeari, jende asko pilatzen delako, eta bultzada baten beharra zegoela uste genuelako. Orokorrean, ordea, taldeak sortu baino gehiago, kideen ekarpenak lantzen ditugu, euskaltzaleak saretzean gaude zentratuta.

Aliantzei dagokionez, noski, gehienbat euskalgintzako eragileekin ari gara elkarlanean, eta indar berezia egiten ari gara Euskalgintzaren Kontseiluaren barrutik eragiteko. Bestalde, gazte mugimenduekin aliantzak sortzen ari gara, baita ere sindikatu eta herri mugimenduko beste eragile batzuekin, mugimendu feministakoekin eta arrazakeriaren aurkakoekin, adibidez.

"Askotan esaten da gazteak lo gaudela, ez gaudela borrokan. Ez nago ados. 
Euskararen borrokari dagokionez, nahiko garbi dago berpizte bat, eta euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar, azken bost urteetan aldaketa handia eman da".

Batzuek diote gazteak gimnasioan daudela. Zuek nola sumatzen dituzue gazteak?

Ez nago ados. Askotan esaten da gazteak lo gaudela, ez gaudela borrokan. Hasteko, kontuan hartu behar da askoz ere gazte gutxiago gaudela duela hamar, hogei, eta zer esanik ez, 30 urte baino. Hori esanda, ikusten dut ehunka eta milaka gazte daudela inplikatuta borroketan, eta azken urteetan gorakada egon dela uste dut.

Euskararen borrokari dagokionez, nahiko garbi dago berpizte bat dagoela, eta euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar, azken bost urteetan aldaketa handia eman da.

Ez da kasualitatea, Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu zen duela bi urte, EHEn belaunaldi berri bat sartu gara, eta ez gara gazte eragile bat, baina gazteen presentzia nabarmena da, eta geroz eta handiagoa. Euskalgintzako beste eragile askotan erreleboa ematen ari da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHE
2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Euskaldunen Harrotze Astea deitu du EHEk apirilaren 22tik 28ra

Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeaz gain, euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea izango du xedetzat.


EHEren Euskaltzale Independentisten Topaketak, urriaren 7an eta 8an Villabonan

Asteburuko egitaraua aurkeztu dute EHEko kideek. Besteak beste, sei tailer egingo dituzte bi txandatan, euskalgintzako pertsona esanguratsuekin.


2023-09-08 | ARGIA
EHEk, lehen aldiz, Euskaltzale Independentisten Topaketak egingo ditu urrian

Topaketak urriaren 7an eta 8an Villabona-Amasan izango dira. Euskara eta independentzia ardatz hartuta, zenbait gairen inguruko hausnarketak egingo dituzte.


Eguneraketa berriak daude