argia.eus
INPRIMATU
Euskararen basamortua marraztu dute Iruñeko haur eskoletako gurasoek
  • Iruñeko haur eskolen mapan, iparraldera begiratu behar da euskarazko murgiltze eredua eskainiko duten haur eskolak aurkituko badira. Euskarazko eredua aldarrikatu du Haur Eskoletako Gurasoak plataformak eta bazterkeria geografikoa salatu du.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 28a
Berdez euskaraz ikasteko aukera dagoen auzoak.

Mapan berdez ageri dira lau auzo: Alde Zaharra, Sanduzelai, Arrotxapea eta Txantrea. Auzo horietan dira Iruñea osoan, haur eskoletan, ikasturte honetan euskara eskaintzeko prest egongo diren eskola bakarrak. Txantreakoa izango da orobat euskarazko murgiltze eredua izango duen eskola bakarra. Beste hiru auzoetan eremu mistoa izango dute, alegia euskarazko eta gaztelaniazko lerroak.

Mapan beste hamaika auzo ageri dira, Buztintxuri kenduta gainerakoak hiriburuaren ekialdean, mendebaldean eta hegoaldean kokatuta daude. Plataformak adierazi duenez, euskaraz eskaintzen den plaza kopuruaz gain, eskolen kokapen geografikoak garrantzia du, eta beharrezkotzat jo dute auzo berean ez bada ondokoan euskaraz matrikulatzeko aukera izatea: “Familia bakoitzaren auzoan ez bada, ondokoan euskaraz matrikulatzeko aukera ezin digute ukatu. Ez da erraza hiria punta batetik bestera zeharkatu behar izatea 0-3 urteko umeentzat euskarazko plaza bat lortzeko. Gure kontaktuen artean badauzkagu kontziliatu ezinda etsita gaztelerara jo behar izan duten familiak”.

Plataformak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoari eta Nafarroako Gobernuaren Gizarte Zerbitzuei eskatu die bazterkeria geografikoa alboratzeko eta mapa berri bat diseinatzeko. Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoa laster biltzekoa da.

Plataformak dei egin die 0 eta 3 urte artean euskarazko irakaskuntza nahi duten familiei plataformarekin harremanetan jartzeko: hegurasoak.harrera@gmail.com.

 

%20ko murrizketa euskara sustatzeko

Iruñeko Euskalgintzak udalaren azken erabakia salatu du. Urriaren 20ko udalbatzan berretsi dute euskara sustatzeko egitasmoentzat esleituta dauden 90.000 euroetatik 18.000 kenduko dituztela. Argudioa: alarma egoeran ekitaldi kopuruak behera egin duela. Iruñeko Euskalgintzaren ustez, aitzakia merkea da: “Jarrera euskarafobo horren helburua da euskarazko eskaintza desagertzea. Berez eskasa den partida are txikiagoa eginda hizkuntza desagertzea eragin nahi dute agintariek”.

Murrizketa hori adibidetzat eman du Iruñeko eragileak. Gogorarazi du 2019ko abenduan onartutako ordenantzan argi utzi zuela Iruñeko Udalak “ez zegoela euskara bertoko hizkuntzatzat sustatzearen alde, ezta Iruñeko herritar guztien hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzearen alde ere”.