argia.eus
INPRIMATU
Euskararen aurkako “olatu erreakzionario eta euskarafoboa” salatu dute euskalgintzak eta alkateek
  • Euskalgintzaren Kontseiluak deituta agerraldia egin dute Bilbon, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako epaia salatzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkate, udal hautetsi eta euskalgintzako ordezkariak bildu dira, eta euskararen aurkako "oldarraldia" salatu dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 13a
Alkateek agerraldia egin dute. Kontseiua

Dozenaka alkate, udal hautetsi eta euskalgintzako ordezkari batu dira Bilbon, euskararen aurkako erasoak salatzeko. Erandioko administrazioa euskalduntzearen aurkako epaia, Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako sententzia, Barakaldoko udalak enpresa pribatuei euskara-eskakizunak jartzeko ezintasuna, Irungo udaltzainena eta Laudioko kasuak izan dituzte hizpide, gertatzen ari dena “oldarraldi judiziala” dela erakusteko.

Agerraldian bildu direnek kezkaz bizi dute egoera: “Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereiziki, alor judizialean”. Haien esanetan, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragin nahi dituen "olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa" gertatzen ari da.

EAEko Udal Legea

Salatu dute udaletan ordezkaritzarik ez duen Vox alderdiak jarritako helegitearen ondorioa dela EAEko Udal Legearen aurkako epaia. Helegite horren ondorioz eskatu zion EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari ebazpena emateko legearen konstituzionaltasunaz. Toki-erakundeek beren jarduna euskaraz egitea ahalbidetzen duen legea (6.2 artikulua), 1982ko Euskararen Legea baino kontsentsu zabalagoarekin onartu zela gaineratu dute.

 

Mobilizatzeko deia

Mobilizazio sozialari lehentasuna emateaz hitz egin du Kontseiluak: “Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko; izan ere, epaitegietako erabakiek atzerapauso handiak eragin ditzakete”.

Hori dela eta, euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4ean Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die Kontseiluak. Milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna, berdintasuna, justizia eta kohesio soziala auzitan daudela salatzeko probestuko dute manifestazioa, besteen artean.