argia.eus
INPRIMATU
Euskararen arnasguneen aitortza lortzeko bidean urratsak eman nahi ditu UEMAk 2017an
  • Larrabetzun aurkeztu du UEMAk larunbatean, urtarrilak 15, herri horretan egingo duen batzar nagusia. Puntuetako bat, hain zuzen, Larrabetzuk eta beste lau udalek (Areatza, Ataun, Errezil eta Mendaro) mankomunitate kide izateko egindako eskaria formalki onartzea izango da.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 10
Azken agintaldian UEMAn sartu diren bederatzi udaletako ordezkariak, Larrabetzun egindako agerraldian. (Arg.: UEMA)

Hala, 82 kide izango ditu UEMAk, guztira 240.000 biztanle biltzen dituztenak. Larrabetzuko agerraldian, agintaldi honetan gehitu diren bederatzi udaletako ordezkariek –aipatutako bostak eta Dima, Ea, Ziortza-Bolibar eta Legorreta– parte hartu dute, eta mankomunitatearen ibilbidea gogoratu dute, haren 25. urteurrena bete berri denean.

Jatorria: EHEren mozioa

1988an Euskal Herrian Euskarazek hainbat udaletan aurkeztutako mozioa izan zen UEMAren hazia. Hego Euskal Herriko 32 udalerritan onartu zen euskara hutsez funtzionatzen hastea galdatzen zuen mozio hura. Onartutakoa praktikara eramatea zekarzkien zailtasunei aurre egiteko elkarrekin koordinatzen hasi ziren udal haietako batzuk; azkenik, UEMA mankomunitatea sortu zuten 1991n, hamazazpi kiderekin.

Zapatuko batzar nagusian 2017rako lan ildo eta helburuak onartuko dituzte. “Euskararen aldeko erabaki ausartak eta aurrerakoiak hartzen jarraituko dugu”, adierazi du Josu Labaka mankomunitateko presidenteak, “arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko bideak sendotzeko urtea izango da”.

Udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarrak sentsibilizatzea eta udalerri euskaldunak zaintzea izango dira UEMAren jardunaren hiru ardatz nagusietakoak 2017an, azaldu dutenez. Gainera, kide kopurua handitzen jarraitzeko asmoa agertu eta udal gehiagok mankomunitatean egoteko borondatea adierazi dietela esan dute.