Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Eusko Ikaskuntzak 1949an sortu zuen, “euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna eta XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz”. Abenduaren 3an ospatu ohi da, Xabierko Frantziskoaren heriotzaren eguna oroimenean, zeren, kondaira dioenenez, “bere azken hitzak ama-hizkuntzaren baliatuz xuxurlatu omen baitzuen”, baina gaur egun, Lingua Vasconum Primittiae-aren sorterrian, Nafarroako Erreinu Zaharrean hain zuzen ere, euskararen geroa kolokan dago.
"Nafarroako euskararen geldialdia saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi"
Nafarroa Oinezaren oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken 15 urteotan gorakada bat gertatu bada ere. Nafarroako euskararen egoera zalantzagarria ikusirik, gogoeta sakonaren eta kritika eraikitzailearen beharra badugula ondorioztatzen da. Euskararen ahuleziak euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatzen digu: hots, euskaldunok, erabiltzen dugun euskara gaurkotu, hobetu eta bere erabilera areagotu; eta erdaldunak, euskara ikasteari gogotsu ekin, zeren euskararen erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.
Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi, eta fosilizazio hori ekiditeko euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da. Baita euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izatea ere, Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin. Horretarako, euskararen erabileraren areagotzea ezinbestekoa da zeren, ildo horretatik jarraituz gero, epe ertainean euskarak ilauntzera joko du. Nafarroako ipar-mendebaldeko uharte geografiko tradizionalak eta foru lurraldean sakabanaturik dauden zoko ideologiko-sentimentalak bere azken lekukoak izanik.
Tamalez, Administrazio publikoetan euskararen erabilera arautuko duen Foru Dekretu berrian euskararen balorazioa desagertuko da eremu ez-euskaldunetan. Horri D ereduko matrikulen gutxitzea eta PSNren eta Nafarroa Sumaren euskarareriko gaitzustea gehituz gero, euskararentzako horizonte zalantzagarria da. Hori dela-eta, euskararen aldeko mobilizazio orokorra aldarrikatzea premiazkoa da.