Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.
EEPko instituzioko ordezkariek 2024ko aurrekontuak bozkatu dituzte. Baina Euskal Konfederazioko kideak beraien haserrea adierazi dute aurrekontua 2017tik ez delako aldatu: salatu dute euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratu izana.
Hilabete dabiltza eskaerak egiten eta EEP erakundeak ez die erantzunik eman. Euskal Konfederazioko kideak astelehenean 14:30ean EEPren biltzar nagusira sartu dira beraien amorru eta haserrea adierazteko.
“EEPk irailean aurkeztu zigun bide orria anbizio eskasekoa zen 2050eko horizonteari begira. Baina hautetsiek finkatu helburu apal horretara heltzeko ere aurrekontuaren %50 igotzeko xedea agertu zuten. Gaurko bilkuran proposatzen dutena %0 da!”, salatu dute Euskal Konfederazioko kideek irakurritako agirian.
Adierazi dute euskara egunez egun biziarazten duten egiturak prekaritate handiagoan aritzera kondenatuak daudela (langileen lan baldintzak okertuz, proiektu berriak ezin abiatuz...), batzuk arriskuan utziz.
Bestalde, Euskal Konfederazioaren agirian honako eskaera egin dute: “Aitzineko urteetako soberakinetarik esleitu gabe diren 750.000 euro Lankidetza fondora esleitzea galdegiten diegu iaz izan aitzinamenduak segurtatzeko eta 2017tik igoerarik ukan ez duten eragileei inflazioaren araberako igoera segurtatzeko, bai eta sortu diren proiektu berrien oinarrizko diruztatzea segurtatzeko”.
Azterketak Euskaraz, AEK, Seaskako langileak, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Haziak eta Hedabideak izan dira aretoan beraien aldarriak egiten Euskal Konfederazioari laguntza eskainiz.
Euskararen aldeko hizkuntza politikari diru gehiago ez ematea erabaki du gehiengoak. Maider Behotegi EEPko lehendakariak eta Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak alde bozkatu dute. Bestalde, Alain Iriarte Euskal Elkargoko ordezkaria izan da kontra bozkatu duen bakarra eta abstentzio bat ere izan da.
Alain Iriarte, Euskal Elkargoko ordezkariak adierazi du elkarrizketa gehiago behar direla kideen artean. “Ikusiz euskararen egoera eta hainbat euskal egiuren ahal eskasia, ene aldetik erran dut diru ahal horiek doblatu behar zirela”, esanez argudiatu du bere bozkaketa.