argia.eus
INPRIMATU
Euskararen aldeko ekintzengatik zigortu du Gorka Torre Baionako auzitegiak
  • Euskaraz deklaratzea ukatu dio epaileak, eta erabaki du ez parte hartzea bere aurkako epaiketan. Auzitegi kanpoan babesa ematera joandako hamarnaka euskaltzaleren aurrean desobedientziarako deia egin du Torrek. Guztira 3.268 euro ordaintzera zigortu dute.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 11
Gorka Torre ekintzaileari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute hainbat euskaltzalek. / Argazkia: Euskal Herrian Euskaraz.

Geldi euskara zapaltzea Baionako suprefeturaren horman idaztea leporatuta epaitu dute asteartean Gorka Roca Torre ekintzailea. Maiatzaren 17an euskararen alde mobilizatzeko Bernat Etxepare lizeoko ikasleek egin zuten deialdiarekin bat egiteko ekintza izan zen hura. Torrek ez deklaratzea erabaki du, epaileak ukatu egin diolako euskaraz egiteko eskubidea.

1.500 euroko isun ekonomikoa ezarri diote, eta beste 500 gibelapenarekin. 1.268 euroko kalte ordainak ere ordaindu beharko dizkio Pirinio Atlantikoetako departamenduari. Maiatzekoaz gain, egotzi diote Nafarroa Behereko hainbat errepidetako seinale kendu eta Portugaleteko Bizkaia zubira eramatea; bide seinaleetan euskarari lehentasuna ematea eskatzeko ekintza izan zen, Herribiltza mugimenduak bultzatutakoa.

Elkarretaratzea deituta zegoen Baionako auzitegi aurrean, eta hainbat euskaltzalek egin dute bat. Tartean, Baionako Etxepare Lizeoko ikasleek, Euskal Konfederazioak eta Euskal Herrian Euskarazek. Auzi gelatik ateratakoan, haien aurrean dei egin du desobedientziara, Berriako Ekhi Erremundegi kazetariak jaso duenez: “Ez dugu onartu behar, intsumisio jarrera bat izan behar dugu. Euskaldunok Euskal Herrian euskaraz mintzatzeko eskubide osoa dugula aldarrikatu behar dugu”. Torrek jakinarazi du saiatu dela epaileak onar ziezaion euskaraz deklaratzea, baina behin eta berriz ukatu diola eskubidea.

Euskal Herrian Euskarazek ere Torreren jarrera defendatu du, eta ziurtatu du euskaraz bizitzeko eskubidea “burujabetzaren eta desobedientziaren bidetik” lortuko dela.