argia.eus
INPRIMATU
Euskararen alde lau eguneko kanpaldia abiatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan
  • “Euskara gaia, bada garaia! Unibertsitatea euskaraz orain” lelopean, kanpaldiari ekin diote hainbat ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiako campusean. Euskara plana martxan jartzea, euskarazko kreditu gehiago eta unibertsitateko langileen euskara ezagutza bermatzea aldarrikatzen dute, besteak beste. Manifestazioa deitu dute larunbaterako.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 02a
NUPeko Euskara Taldea

Euskara arautuko duen euskara plana martxan jartzea, euskararen errektoreordetza sortzea, euskarazko kredituetan pauso gehiago ematea, eta unibertsitateko langileen kontratazioetan euskara ezagutza bermatzea eskatzen dute ikasleek.

Euskararen Aldeko Kanpaldiak ostiralera arte iraungo du eta beste hainbat ekitaldiren artean, hiru hitzaldi antolatu dituzte: asteazkenean, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia arituko da, Nafarroan euskaraz bizi hizpide, ostegunean Iturramako irakasleek mintzatuko dira (Hezkuntza euskaraz), eta ostiralean, Hizkuntz-Eskubideen Behatokiak emango du hitzaldia.

Kanpaldira gerturatzeko gonbita egiteaz gain, larunbateko manifestaziora deitu dute kanpaldiaren antolatzaileek. Iruñeko Baratxurien Plazatik abiatuko da, 12:00etan.