argia.eus
INPRIMATU
Euskararen erabileran eragiteko asmoz, Agenda Estrategikoa aurkeztu du Jaurlaritzak
  • Lehendabiziko aldiz Eusko Jaurlaritzak Euskararen Agenda Estrategikoa osatu du. Jaurlaritzak legealdi honetan hizkuntza politikan hezurmamitu eta eskuratu beharreko helburuak zehazten ditu dokumentu horrek.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 24a
Patxi Baztarrika, IƱigo Urkullu eta Cristina Uriarte, artxiboko argazki batean. Jaurlaritzak lehen aldiz egin du euskararen inguruko Agenda Estrategiko bat.

Lehendakaritzan egin duten aurkezpen-ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du parte. Bertan izan dira baita ere, besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Itziar Alkorta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea.

Helburua aurrera begirako lehentasunak ezarri eta euskara bultzatzeko ekimenen “ikuspegi orokor eta integratua” lortzea dela azaldu dute.

Jaurlaritzako iturrien arabera, aurreko urteetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako ildo espezifikoak eta Jaurlaritzaren esparru ugaritan euskararen erabilera bultzatzeko egiten diren planteamenduak uztartu dira agenda estrategikoa osatzeko.

Eragin zehatzak

Honako esparruetan eragingo duten neurriak ekarriko ditu Agenda Estrategikoak Jaurlaritzaren webgunean irakur daitekeenez:

- “Euskararen Adierazle Sistema” izenekoa martxan jarriko da, euskararen egoeraren isla uneoro eskura izateko osatu nahi den neurketa sistema. Gobernu Kontseiluak onartu beharko du abian jarri aurretik.

- Eusko Jaurlaritzan eta haren menpeko erakundeetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plangintza onartu beharko da.

- Osakidetzaren Euskararen Erabilera Sustatzeko II. Plangintza onartzea sustatuko du.

- Ertzaintzaren Euskararen Erabilera Sustatzeko II. Plangintza bultzatuko du, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordetzak onartu ostean.

- ESEPen diagnostikoan sakontzea eta adierazle propioak eratzea (Euskararen Aholku Batzordea).

- Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretuaren esparruan, orain arteko ibilbidea baloratuko da eta Jaurlaritzak beharrezko ikusten dituen moldaketak txertatu.   

- Eusko Jaurlaritzaren kontrataziorako hizkuntza irizpideetan, orain arteko ibilbidearen ebaluazioa egingo da eta, beharko balitz, egokitzapena.

- HABE - Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruko araudia eguneratuko da (179/2003 Dekretua, egiaztatze-sistemari buruzko Agindua, Curriculumari buruzko Agindua, Euskaltegiek bete beharreko baldintzei buruzko 2005eko uztailaren 27ko Ebazpen orokorra…).