argia.eus
INPRIMATU
Euskaraldiari buruzko unitate didaktiko bana aurkeztu dute Ikastolek eta AEK-k
  • Biek ala biek parte-hartzea sustatzea eta euskara hizkuntza-ohituretan txertatzea dute helburu. Irrien Lagunak elkarteak berriz, monografikoa eskaini dio Euskaraldiari Irria aldizkariaren azken alean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 07a
Argazkia: Europapress.es

“Hezkuntza talde garen heinean, argi genuen ekarpen berezi bat egin behar geniola Euskaraldiari”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk: “Ilusioz eta gogoz beteta gaude”. Euskaraldia berez 16 urtetik gorako herritarrei bideratuta dagoen arren, ikastolek sorturiko unitate didaktikoa gazteagoei ere zuzentzen zaie. Hiru ataletan banatu dute: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat batetik, Bigarren Hezkuntzakoentzat bestetik, eta Batxilergoko ikasleentzat azkenik.  Ikasleen euskara maila eta erabilera sustatzeaz gain, Euskaraldiaren berri ere emango dute hiru atalek.

“Elkarlana” azpimarratu du aurkezpenean Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak, “guztion beharra baitago euskararen geroa ziurtatzeko bidean”. AEK-ren unitate didaktikoa ere atal ezberdinetan banatuta dago, jakintza mailaren arabera. Mujikaren hitzetan, “ikasle guztiei erantzuna emateko egin ditugu, eta jakina, ikasteko prozesuaren barruan aurrez aurreko mailetan zein autoikaskuntzan dabiltzan ikasleekin erabiltzeko pentsatuta daude”.

Azkenik, Irrien Lagunak taldeko kide Garazi Urrusolok nabarmendu du haur eta gaztetxoek helduengan eragiteko duten gaitasuna. Horregatik, Euskaraldian “sustatzaile papera” eman nahi diete haur eta nerabeei, “modu horretan ahalik eta jende gehien erakartzeko”. Jada kaleratu dute aldizkaria, eta lau atal ditu: Eider Eibar eta Miren Amurizaren Lagun Komikia, Unai Elorriaga eta Julen Tokeroren Pirritx, Porrotx eta Marimotots ipuina,  Miren Agur Meabe eta Eider Eibarren Txoko Txiki Kuttuna izeneko olerki-sorta, eta Joseba Ponceren Haur kantak.