argia.eus
INPRIMATU
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”
  • Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 07a
“Inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez” ariko den taldea osatu dute. Euskaraldia

Antolatzaileek adierazi dutenez, lehen hitza euskaraz egitea, euskaraz ulertzen dutenei euskaraz zuzentzea eta euskaldunekin beti euskaraz egitea dira jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak. Euskaraldiaren hamaika enbaxadoreek hizkuntza aipatutako portaerak aldatzera eta aurrerapausoak ematera animatuko dituzte euskaldunak. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak nabarmendu du Euskaraldia zabalduko duten pertsonak direla “giltzarria”.

Euskaraldiaren hurrengo edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da. Edizio berriko egiteko nagusien artean dago, “sinpleak diruditen hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatzea” eta horiek arau sozial bihurtzea. “Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik errotatuta ez daudenak”, zehaztu du Urkijok.

Bilboko Bidebarrieta kulturgunean egindako agerraldian aurkeztu dute ostegun honetan Euskaraldiko hamaikakoa. Ezkerretik eskuinera; Eneko Atxa sukaldaria; Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria; Aitor Bengoetxea musikari eta break dantzaria; Lutxo Egia del Rio idazlea; Eneko Garcia (Albina Stardust), trabestia; Ana Goitia kazetaria, aurkezlea eta umoregilea; Itziar Ituño aktorea; Roberto Moso komunikatzailea; Zibel Untsain dantzaria; Esti Urresola zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea pilotaria.

Euskaraldiko koordinatzaileek Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzeko "testuingurua eskaintzen duela adierazi dute, baina, testuinguru hori baliatuko duten herritarrak aktibatzea behar-beharrezkoa" dela. Hori dela eta aukeztu dute hamaikakoa, horren harira ekarri du agerraldian gogora esaera zaharra Goiatz Urkijok: “bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du”.