Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.
“Elkar mugituz egingo dugu” lelopean aurkeztu dute Euskaraldiaren edizioa. "Aktibazioan, mugimenduan eta emozioetan" jarri nahi dute fokua. Euskararen erabilera aktibatzeko ekimen sozial bat sortu eta gizartearen parte-hartzea bultzatu nahi dute antolatzaileek. Herriek eta entitateek jada eman dezakete izena Euskaraldian, ahobizi eta belarripresten izen-ematea ostera, martxoan hasiko da.
Nafarroako Antzerki Eskolan egindako agerraldian, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak adierazi du egitasmoa ezinbestekoa dela euskararen erabilera “biderkatzeko” ahaleginean. Hala ere, Euskaraldiak mugak badituela gogorarazi du, eta “kanpaina hutsa” izatetik haratago, ariketa soziala izan behar duela. Hori dela eta, herritarren “ilusioa masiboki pizteko” Euskaraldiak berrikuntzak behar dituela azaldu dute antolatzaileek. Gogoz heldu diete hauek erronkari.
Euskaraldia ekimen pasiboa izatetik hurrun, komunitate osoa mobilizatuko den egitasmoa izatea nahi dute antolatzaileek. Horretarako tresna berria sortu dute, Euskara aktibatzaileen gida-liburua, mugimendua sortzeko eta ekintzak antolatzeko laguntza emango duena. Gida horrek herritarren aktibazioa sustatzeko modu berriak proposatzen ditu.
Euskaraldiaren oinarria mantenduko da: partaideek ahobizi edo belarriprest rola hautatuko dute, eta hamaika egunetan egingo dute egokitutako ariketa. Horrela, euskararen erabilera “arau sozial” bihurtu nahi da, lehen hitza euskaraz egitea eta euskaldunak euskaldunari beti euskaraz hitz egitea sustatu.
Antolatzaileek “elkarlanaren garrantzia” nabarmendu dute. Hainbat erakundetako ordezkariek hartu dute parte ekitaldian eta guztiek adierazi dute euskarak gizartean duen presentzia handitzeko aukera paregabea eskaintzen duela Euskaraldiak, eta komunitate zabal bat sortzeko bidea irekitzeko funtsezko egitasmoa dela.