Euskararen normalizazioaren alde Korrikak berpiztutakoa Euskaraldiarekin segi behar dela gogorarazi dute ekimenaren aurkezpenean, eta herritarrei dei egin diete aktiboki parte hartzera, ahobizi eta belarriprest gisa ez ezik, antolakuntzan ere bai. Euskaraldian ere "hitzez ekiteko garaia" dela berretsi dute.
“Oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea”. Horixe nabarmendu du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaileak astelehenean egin duten Euskaraldia ekimen sozialaren aurkezpenean, Donostian. Euskararen aldeko bi ekimenen arteko lotura erakutsi dute, batak besteari lekukoa pasaz, eta herritarrei dei egin diete dinamikan aktiboki parte hartzera. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte izango da Euskaraldia Hitzez ekiteko garaia lelopean, baina Goiatz Urkijo ekimenaren koordinatzaileak jakinarazi du jada aurkezpenak egiten ari direla herriz herri, eta herritarrak animatu ditu antolaketako batzordeetan “aktiboki” parte hartzera.
Arduradunek berretsi dute 2022. urtea “hitzaren eta ekintzaren urtea” dela, eta azpimarratu dute pandemiak agerian utzi duela euskararen normalizazioan beharrezkoak direla “hiztunen praktika linguistiko eraldatzaileak” eta “era guztietako erakundeen urrats sendoak”. Beraz, Korrikak berpiztu duen “euskararen olatua” jarraitzeko Euskaraldia baliatu behar dela nabarmendu du Urkijok: “Euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskararentzako gune erosoak zabaltzen urratsak ematen jarraitzeko”.
Ahobizi eta belarriprest moduan parte hartuko duten norbanakoen aktibazioan eta hizkuntza ohituren aldaketan fokua jartzeaz gain, Euskaraldiaren arduradunek garrantzia eman diote erakundeek hartu beharreko “neurri zehatzei”; entitateei eskatu diete euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko. Hain zuzen, maiatzaren 18an irekiko da entitateek Euskaraldian izena emateko epea, eta irailaren 29an norbanakoena.