argia.eus
INPRIMATU
Euskaraldian hitanoa lantzera deitu dute
  • Hamahiru ZirHika kide batu dira hitanoaren erabilera aldarrikatzeko eta antolakundearen ekintzen berri emateko. Azalpenak Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta Galtzaundiko Uxoa Elustondok egin dituzte. Horiei, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta Andrea Bella uruguaitarra batu zaizkie, beste ZirHikako kide batzuen artean.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 24a
ZirHikako kideen prentsaurrekoa. ZirHika

ZirHika mugimendua Euskal Herriko I. Hika Topaketan sortu zen eta hainbat eragileek osatzen dute. Larunbatean egindako aurkezpenean etorkizunera begirako erronkak eta helburuak aurkeztu dituzte, besteak beste, Euskaraldian hitanoan aritzeko aukera sustatzea. Hitanoa  erregistro "paregabea" dela adierazi dute, hizkuntzari "freskotasuna" eta "adierazkortasuna" ematen dion hizkera informala delako. Gazte askok bat-batekoaz hitz egiteko erdarara jotzen dutela ere esan dute, "gazte-hizkera baten bila".

Hitanoa –bereziki noka– eta euskara sustatzeko eta normalizatzeko helburua du ZirHikak. Horretarako aurten ekintza ugari egingo dituzte Euskal Herri osoan. Euskal Herriko II. Hika Topaketa egin dutela jakinarazi dute, Markin-Xemeinen izango da azaroan, eta bi urtean behineko jarraikortasuna izango du.

Abenduaren 7an Durangoko azokan egindako Hikadromoaren inguruko balorazioa ere aurkeztu dute ZirHikaren lehenengo ekimena izateaz gain, arrakastatsutzat joz "balorazio oso positiboa egin genuen eta errepikatu egingo dugu". 75 lagunek hartu zuten parte, Euskal Herriko lurraldeko guztietako 38 emakume eta 36 gizonek. 

Gainontzeko ekimenen artean, hitanoaren praktika onen dekalogoa edo udalekuetan hitanoa sartzea aipatu dituzte. Belaunaldi berriak hitanoarentzat garrantzitsuak direnez, bertsozale elkarteko udaleku eta UEMAren Salto! udalekuetan txertatuko dute programa.

Euskaraldian hikaz

Euskaraldian hitanoa txertatzearen aldeko apustua ere egin dute. Gauzak horrela, Euskalaraldia antolatzen duen Taupa mugimenduarekin batu ostean, ZirHikak antolaketan parte hartzea erabaki zuen. Euskaraldiaren txapan, orduan, H-a jartzeko aukera izango du hala nahi duenak eta "nahi baduzu nirekin hika egin dezakezu" esanahia eskuratuko du. H-a jartzeko ez dagoela hika jakin beharrik gogoratu dute kideek, ikasi edo entzun nahi duen orok izan baitezake. 

Parte hartzeko izena eman da eta ondorioz, hala egingo duten herritarrek galdera bat gehiago izango dute hasierako formularioan. Are gehiago herriek Euskaraldia Hikan egingo duela esaten ez badute, bertako herritarrek ez dute parte hartzeko aukerarik izango, adierazi dutenez. Orain arte 66 herrik izena eman dutela jakinarazi dute eta gogorarazi dute martxoaren 1ean izena emateko epea bukatzen dela. Euskaraldiako herri batzordeak animatu dituzte, "aparteko lanik" hartu gabe "aukera ederra" baliatzeko.