argia.eus
INPRIMATU
Ireki dute Euskaraldian izen emateko epea
  • Gasteizen egin duten ekitaldian ireki dute izen ematea, laugarren edizioa hasteko bi hilabete falta direla. Erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta entitateetako kideak agertu dira, besteak beste. Euskaraldiaren koordinazioa Euskal Herriko erakunde publikoen eta Taupa mugimenduaren arteko elkarlanean gauzatzen da.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 17a
Gasteizen egin duten ekitaldiaren argazkia. Euskaraldia

Herritarren izena emateko epea ireki dela iragartzeko antolatu dute ekitaldia Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu dituzte ondorengoek: Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta kultura eta hizkuntza politikako sailburua Ibone Bengoetxeak, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetzako, kanpo ekintzako eta euskarako kontseilaria Ana Ollok, Taupako lehendakaria Irati Iciarrek eta Euskaraldiko koordinatzaile orokorra Goiatz Urkijok. 

Euskaraldiak euskaran duen eragina azpimarratu dute ekitaldian. "Urte askotan euskararen ezagutzan jarri da foko nagusia eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea. Gaur gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkor eta masiboena" Taupako Irati Iciarren arabera. Ekimenaren helburua "arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea" dela azpimarratu du, baita "lehen hitza euskaraz" egitearen garrantzia ere. "Edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu". 

Ariketa kolektiboaren inguruan aipamen berezi egin du Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak: "Euskaratik urrun daudenak ere euskarara erakartzeko, euskarak denok behar gaitu". 

Nafarroako Gobernuko ordezkari Ana Ollok, belarriprest rolaren baitan "oraindik hobetzeko tartea" dagoela adierazi du. "Rol hori ez da euskara pixka bat dakitenentzat, ez soilik beraientzat. Nafarroan, adibidez, euskara jakin arren, gutxi erabiltzen duen jende asko dago. Horren atzean oso bestelako arrazoiak daude. Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta belarripest izatea Euskaraldiarekin bat egiteko aukera on-ona da”, dio Ollok. 

Zertarako izena eman?

Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijoren aburuz: "Beti aipatu dugu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa. Euskaraldiak, beraz, txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea". Horren parte izateko eta euskara sustatzeko, "herritarrei dagokie" Euskaraldian izena ematea. Gainera, izen-emateak Euskaraldiaren inguruko ikerketak ahalbidetzen dituela adierazi du.

Bengo abeslaria, Eneko Atxa, Edurne Azkarate eta Zibel Damestoy ere izen ematera batu dira eta, besteak beste Bengok, ekitaldian abestu du. 

Txaparen erabilpena

Aukeratutako rolaren araberako txapa jasoko dute izen eman dutenek, eta batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen urtero bezala. Antolatzaileek ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute, "aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak". Halaber, "estres linguistikoa" ezabatuko duela adierazi dute, hau da, "pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa" ezabatuko dela. Txapak aurrekoari mezu argia ematen diola ere adierazi dute: "nirekin egizu euskaraz!".

Beraz, maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian izena emateko deialdia zabaldu dute eta hamabigarren egunetik aurrera ere ekimenak sustatzen dituen jarrerei eusteko deia egin dute antolatzaileek. Izen ematea www.euskaraldia.eus webgunean dagoen formularioa betez egiten da.