Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren erabilera sustatuko da.
Orain arte Gipuzkoako 59 herrik, eta Bizkaiko hamabik eta Nafarroako beste hainbestek eman dute izena. Euskaraldiaren webgunean herrien zerrenda osoa dago. Bi motako herriek hartuko dute parte ekimenean. Batetik, hainbat herritan hika egunerokoan erabiltzen dute bizilagunek, baina batez ere toka darabilte, hau da, gizonezkoei egiten zaien forma. Noka, emakumeei egiten zaien modua, nabarmen gutxiago erabiltzen da eta ia galdu da. Beraz, bereziki noka bultzatuko dute herri horietan. Bestetik, hitanoak ia tokirik ez duen herriek ere eman dute izena. Horietan noka eta toka, biak neurri berean bultzatuko dira.
Zein da ariketa?
Euskaraldian parte hartuko dutenek, aurreko edizioetan bezala, ahobizi edo belarriprest rola aukeratuko dute. Horrez gain, Hika ekimenean parte hartu nahi badute, H hizkia daraman eranskailua jarriko diote ahobizi edo belarriprest txapari. H eranskailua eramateak esan nahi du: “Nahi baduzu nirekin hika egin dezakezu”. Ez da beharrezkoa hika hitz egiten jakitea, entzuteko jarrera adierazten du.
Zergatik Hika ekimena?
ZirHika antolatzaileak adierazi du euskarak erregistro informalen beharra ere badaukala, “kaleko erabilera indartzeko erdaretara jo gabe”. Hitanoak funtzio hori bete dezakeela uste dute, hizkera informala, lagunartekoa, hurbila eta freskoa delako.
Ekimenaren bultzatzailea ZirHika taldea da, Euskaraldiaren antolatzaile Tauparekin batera. ZirHika 2024ko apirilean sortu zen hitanoa biziberritzeko, eta bereziki noka bultzatzeko. Azken urteetan, Euskal Herriko 50etik gora herrik antolatu dituzte hitanoa bultzatzeko (eta batez ere noka) ekimenak, horien artean Euskal Herriko I. Hikadromoa eta Euskal Herriko I. Hika Topaketak. Azken horretan 80 hika eragile bildu ziren.