argia.eus
INPRIMATU
Euskaraldia arrastoa utziko duen esperimentu handitzat jo dute antolatzaileek
  • Euskararen Egunean, abenduaren 3an, hamaika egunak bukatuta, ekimenaren sustatzaileek lehen balorazioa egin dute. Ariketa masiboa izan da, herritarrei hausnarketa eginarazi die eta hainbat ohitura aldatu dituzte. Euskaraldia hasi besterik ez dela egin adierazi dute.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 04a
Abenduaren 4an, sustatzaileek egindako balorazio aurkezpena. Argazkia: Euskaraldia.

Ariketak hamaika egun izan dituen antzera, balorazioa ere hamaika puntutan banatu dute.

 

Ariketa sozial masiboa: Aurreikuspen eta espektatiba guztiak gainditu ditu ariketak, kopuruetan ez ezik herritarrengan izan duen eraginean. Hiztunek hizkuntza ohiturez gogoeta egin eta hainbat inertzia aldatu dituzte. Era berean, ohiko euskaltzaleen multzotik harago iritsi da Euskaraldia.

Bidearen hasiera: Aurtengo helburuak zehatzak ziren. Euskaraldiaren helburuak ordea, epe ertain eta luzekoak dira eta aurten protagonistak herritarak izan badira hurrengo urteetan entitateen txanda izango da.

Gizarte aldaketa: Euskaraldia gizarte aldaketa eragiteko sortu da. Gizarte aldaketak epe luzekoak dira eta hizkuntza ohituren aldaketatik harago behar du.

Eragina neurtzen: Ariketaren eragin zehatza 2019ko udan jakingo da, parte-hartzaileei egindako hiru galdetegien bidez.

Inertziak astindu: Ahobiziek eta belarriprestek inertziez jabetzeko aukera izan dute eta hizkuntza ohiturez kontzientzia handiagoa hartzeko aukera.

Ulermena eta ikusgarritasuna: Euskara ulertzen duen jendea identifikatu da eta agerian geratu zenbat herritar diren gai ulertzeko. Horrek aldaketa handiak ekarriko ditu etorkizunean, gizartea prest badago. Ikusgarritasuna da beste elementua. Parte-hartzaileek sarri aipatu dute elkarren artean lortutako konplizitatea.

Bizipenen mapa erraldoia: Ariketan norbanakoek bizipen ugari izan dute, asko positiboak, eta beste batzuetan zailtasunak egon dira.

Aktibazioa eta elkarlana: Herriz herri milaka lagun eta ehunka erakunde aritu dira antolatzaile lanetan. Bide erakusle izan daiteke elkarlan hau.

Euskal Herri osoan, euskaltzaleak aktibatuta: Lehendik zeuden sareak indartu eta sare berriak sortu dira.

Entitateak lagun: Enpresa, elkarte eta erakunde publikoek atxikimendua adierazi dute aurten. Hurrengo urteetan neurri zehatzak har ditzaten abiapuntu garrantzitsua izan da.

Etorkizuna: Euskaraldiak edizio berriak izango ditu.