argia.eus
INPRIMATU
Euskaraldia antolatzeko udalaren babes falta sentitu du Aitzondo Irungo Euskara Taldeak
  • "Hilabeteak dira dinamizatzailea baino ez dutela bidaltzen udaletik, berak bitartekari lanak egin ditzan", adierazi du euskara taldeak.

Antxeta Irratia 2018ko irailaren 14a
Aitzondo Irungo Euskara Taldeko kideak (Argazkia: Bidasoko Hitza)

Apirilaren 14ean ospatu zuen Aitzondo Irungo Euskara Taldeak Euskaraldia antolatzeko lehen bilera. Orduz geroztik, lau hilabete pasa dira eta hilabete falta da Euskaraldia martxan jartzeko. Asteazkenean aurkeztu da ofizialki 19.00etan San Juan Harria enparantzan Euskaraldia, salaketa artean.

Si Se Puede Irun, EAJ eta EH Bilduren finantzaketa eta interes faltaren salaketen ostean, Aitzondo Euskara Taldearena jo dugu. Tirabira politikoetatik ihes egin duten arren, udalaren babes falta sentitu dutela adierazi digu Euskara Taldeko Beñat Muguruzak.

Baliabide ekonomikoak izan dira eztabadagai. Euskaraldiak 26 mila euroko aurrekontua du eta Aitzondok otsailean eskatu zuen euskaraldiak izango lukeen aurrekontua, Topagunearekin antolatu eta ekitaldiaren bideragarritasuna bermatzeko.

Azkenik, parte hartze bera ezbaian jarri du Aitzondok. Irungo euskaraldia burutzeko, udalak koordinatzaile bat kontratatu du eta pertsona honetan ordezkatzen du bere burua, hau da, ez Monika Martinez notario euskara zinegotziak, ez udal teknikariek ez dute irungo euskaraldiaren batzordeetan parte hartzen. Aitzondoren esanetan, beste herrietan teknikari edo zinegotziek antolaketa bileretan parte hartzen dute.

Albiste hau Antxeta Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.