argia.eus
INPRIMATU
Kronika
Euskarak zergatik ez du ganorazko kuotarik hedabideetan?
  • Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 29a
Pol Cruz-Corominas, hitzaldia ematen Azpeitian, 'Sormenean hezi. Kulturan bizi' jardunaldietan.

“Kultur-kuotak ez dira tabu leku guztietan”, esanez abiatu du hitzaldia Amagoia Gurrutxagak, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko eledunak. Hogei minutu eman ditu nazioarteko eta bereziki Europar Batasuneko estatuen adibideak aletzen –artikuluaren amaieran hainbat kasuren berri–, eta funtsa hauxe: beste dozenaka herrialdetan kultur-kuotak egon baldin badaude tokiko hizkuntza eta tokiko kultura babesteko, ingelesaren kasuan Erresuma Batuan edo frantsesaren kasuan Frantziako Estatuan, zergatik ez egin halakorik euskararekin?

Hor dago eztabaida. Kontrako ahotsik ez dago, egia esan, baina ahotsa baino askoz ere inportanteagoa duten erreminta dute: legea ez betetzeko inpunitatea. Espainiako Ikus-Entzunezkoen Legeak argi dio, esaterako, gaztelaniaz ez ezik, Espainiako Telebista Publikoak (RTVE) haurren programazioa hizkuntza gutxituetan ere eman behar duela, aldi bereko bikoizketa zerbitzuarekin, baina ez da legea betetzen ari. Eta, horrez gain, streaming plataformek sei hilabeteko epea zeukaten pentsatzeko eta jakinarazteko zer egingo zuten hizkuntza gutxituei zegokienean, nola handiko zuten haien presentzia euren katalogoan. Urte eta erdi igaro da, eta ez dute ezer esan; ez dira legea betetzen ari. RTVEk ez du ordu bakar bat ere eskaini euskaraz azken hamarkadan.

Espainiako Telebista Publikoak euskaraz ere eskaini behar du haurren programazioa, baina ez du egiten

EAJk PSOEri exijitutako bi xedapen gehigarri ziren aipaturiko bi puntuak, eta hori legean horrela gehitu zelako aprobatu zuen legea Espainiako Diputatuen Kongresuak, ez baitzuen gehiengorik bestela gobernuak.

Zertan ari dira Katalunian?

Katalunian abilagoak eta azkarragoak izan dira hizkuntz politiken zenbait esparrutan, Euskal Herrian baino. Bidea ireki dute zenbait kontutan, umiltasunez hala aitortzen du Plataforma per la Llengua Kultura Batzordeko aholkulari Pol Cruz-Corominasek. Baina kritikoa da azken hamarkadan Kataluniak bizi izan duen egoera politikoarekin: “2012an, procès-a hasi zenean, katalanaren aldeko politikak ahaztuta eta baztertuta geratu ziren. Hasieran estatu independente bat nahi genuen, eta gero arduratuko ginen hizkuntzaz eta kulturaz. Orain, amets horretatik esnatzen ari gara, non garen konturatzen, eta berriz ere bidean jartzen”.

Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldietan egon da Pol Cruz-Corominas kataluniarra, Azpeitian, joan den asteburuan –hemen ikusgai hitzaldia. Aholkulari lanetan ibili da katalanaren aldeko elkarte batentzat, Espainiako Gobernuak duela bi urte Ikus-Entzunezkoen Legea onartu zuenean. Sutsuki defendatzen ditu hedabideetan ezarri beharreko kuotak, hizkuntza gutxituak babesteko.

Quebec izan da kataluniarren aspalditxoko erreferentzia. Kanadaren administrazioaren pean dagoen arren, nagusiki frantsesez hitz egiten da eta “politika ausartak” ditu hizkuntza kuotei dagokienez, kulturaren zein zinemaren esparruan, Cruz-Corominasen hitzetan. 1983 urtean ipini zuten indarrean lege bat, oraindik ere indarrean jarraitzen duena, zeinak behartzen duen Quebecera iristen den film orok izatea frantsesezko kopia. Frantziako Estatuak gauza bera exijitzen du; are gehiago, film kopia oro Frantziako frantsesean egon behar da.

Plataforma per la Llengua aritu da Espainiako Ikus-Entzunezko Lege Orokorrean lanean, presio egiten. Etxe barruan, Katalunian, gauzak noranzko onean doazela uste du Cruz-Corominasek. Hasteko, Kataluniako Telebista Publikoak (TV3) bost kate dituelako, eta bostak %100 katalanez –edo ia osotasunean, Polònia umorezko saioan ageri baita gaztelania, Espainiako politikariak antzezten dituztenean–. 

Bost telebista kate publiko dituzte Katalunian, eta bostak %100 katalanez

Orain, Kataluniako hedabide publikoaren korporazioak kanal digital bat ireki du, telebista eta irrati tradizionaletik harago, argi duelako sare sozialetako sortzaileekin ere katalana landu behar dela. “Indarra egin behar da gaztelaniazko edukien aurka, gurearen alde”, adierazi du Cruz-Corominasek: “Kontziente izan behar dugu autonomia estatutua daukagula, eta astunak izan behar dugu, hizkuntz politiken alde egiteko; botere espazio guztietan egin behar dugu indarra, kultura ikusarazteko eta hizkuntza indartzeko”.

Katalunian bada irrati-emisoretara loturiko kuota bat: aireratzen den musikaren %25a katalanez izan behar da. Duela 28 urte ipini zen indarrean, baina Cruz-Corominasen esanetan ez da konplitzen, salbuespenak aurreikusten dituelako legearen xedapenak, eta irratiek justifikatu dezakete ezin dutela legedia bete, haien jarduna medio, adibidez flamenkoan espezializatuta dagoelako... eta salbuespenak gehiegizko izatera igaro dira, hizlariaren arabera: “Hori guztia aztertu eta kontrolatu behar zuen Kataluniako erakundeak, eta gertatu da guztiei onartu diela salbuespena; ez da zigortu kuota betetzen ez duen irratirik”.

Politika ausartak behar dira

Cruz-Corominasek, besteren artean, 2018ko Europako zuzentarau bat aplikatzea beharrezko ikusi du, Frantziak egun egiten duena, streaming plataformei zuzenduta: norbanako bakoitzak ordaintzen duen lau eurotik bat bideratu behar dute Frantziako ekoizpenetara, eta frantsesez izan behar dute. “Hori, azkenerako, kuota mota bat da, eta milioika euro ugari bideratzen dira edukiak frantsesez egitera”, esan du Cruz-Corominasek.

Aldiz, penagarria da Espainiako Ikus-Entzunezkoen legeak –konplitzen ez denak– exijitzen duena: %2, %2 eta %2, euskara, katalana eta galegoarentzat.

Borrokatzeko espazioak

Eztabaidarik baldin badago kuoten ezarpenarekin, hori zinema-aretoekin gerta daitekeela uste du Cruz-Corominasek. Izan ere, espazio fisikoa “kentzen” den kasua izanik, publikoa gutxituko den beldurra heda daiteke aretoen artean. “Eztabaida sakona da hori”, esan du hizlariak, eta iritzia argi plazaratu gero: “Uste dut, bertako hizkuntza baldin bada katalana, eta zure negozioak ez badu funtzionatzen katalaneko kuota bete behar duzulako, ba aizu, zure negozioa ez da errentagarria. Umeek ez dute lanik egiten, ezta? Bada, umeak ari bazara lanerako erabiltzen, eta ume horien lan indarrik gabe zure negozioak ez badu funtzionatzen, bistan da zergatik”.

Cruz-Corominas: "Kontziente izan behar dugu autonomia estatutua daukagula, eta astunak izan behar dugu, hizkuntz politiken alde egiteko"

Dena dela, plataformek aitzakiarik ez dutela argi dago: “Pelikula bat ikusterakoan, 25 hizkuntza dauzkazunean, hindia eta ez dakit zer gehiago hizkuntza eskaintzen badituzu, katalana eta euskara ez eskaintzeak ez du zentzurik”.

Kuotak ezartzea diktatoriala dela esaten duenari emateko adibideak

Makina bat dira adibideak. Kultur-kuotak tabu ez diren adierazle, Lanarteak esan duen moduan.

Brasilen, 1961etik, legez, irrati-emisoretan aireratutako musikaren %70a sortzez brasildarra izan behar da; gerora, lege hori indargabetu egin dute, ondo bideratua dagoelako eta konplitzen delako. Frantzian, 1996tik, irrati-emisoretan emandako musikaren %40a “herrialdeko hizkuntzan” emandakoa izan behar da –Ipar Euskal Herriko irrati euskaldunek zera interpretatzen dute, euskara Frantziako Estatuan ere hitz egiten denez, euskararekin bete dezaketela kupoa–. Portugalen, irrati-kate pribatuen gutxieneko musika nazionalaren kuota %25ean zegoen ezarrita, pandemian %30era igo zuten, eta horrek irrati kate komertzialei kalterik egiten ez dietela frogatuta, eutsi egin diote %30ari; aldiz, irrati publikoan portugesezko musikak %60 behar du izan, eta portzentaje horren %60a, Europar Batasuneko herritarrek sortua, eta tartean musika sortu berria. Italian antzera. Txilen, 2016an, kongresuak %20ko kuota ezarri zion bertako musikaren gutxieneko emisioari. Eta Kolonbian, kuota sistemarik gabe, dei egiten zaie bertan ekoitzitako musika ipintzera.

Ikus-entzunezkoetan ere badira adibide mordoa, eta Lanarteak azpimarratu ditu zenbaitzuk. Esaterako, Europar Batasunean, hainbat estatuk exijitzen dizkiete streaming plataformei hainbat kuota betetzeko, Alemaniak, Greziak, Finlandiak, Norvegiak, Suediak eta Danimarkak, besteak beste. Frantziako Estatuak eskatzen duena da katalogoko izenburuen %20a Europar Batasunekoa izateko, eta horietatik %40a frantsesez.