argia.eus
INPRIMATU
Gazte Euskaltzaleen Sarea
“Euskarak ez du aurrera eginen, eraman egin behar da”
  • Gazte belaunaldi berria batu da euskararen aldeko borrokara, eta manifestazio koloretsua egin dute larunbatean Donostian, Euskara Aurrera lelopean. Mobilizazioa bera antolatzea izan da Gazte Euskaltzaleen Sarea (GES) eragile sortu berriaren lehen erronka, eta urduritasuna nabari zen sustatzaileen artean Antiguan, manifestazioaren aurretik. Euskalgintzako eta eragile nagusien babesarekin –ARGIArena barne–, Boulebarderako bidea egin dute bertaratu diren euskaltzaleek.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko maiatzaren 23a
Askatasunaren hiribidea alderik alde bete dute. (Dani Blanco / ARGIA)

Antiguako tuneletik 3.000 lagun atera dira, ARGIAk kontatu duenez eta ibilbidean herri mugimendu eta eragileek egiten dituzten aldarri nagusiek presentzia izan dute: azterketak euskaraz, Nafarroako zonifikazioari ez, pantailak euskaraz, ETBn fikzioa euskaraz, Espainia eta Frantziako estatuen inposizioa eta Euskal Herriaren burujabetza falta...

Herri aktibazioaz gain, erakunde publikoei exijitu dizkiete hizkuntza politika egokiak

Irantzu Idoateren bertsoekin hasi da amaierako ekitaldia. Bertatik hartua da artikulu honen izenburura eraman dugun esaldia. Honen ondoren, AEKren izenean Aize Otañok eta GESeko Begoña Garaikoetxeak hartu dute hitza. Bi ideia nagusi azpimarratu dituzte: batetik, herritarren aktibazioa ezinbesteko zutabe dela hizkuntzaren normalizazioa lortzeko, eta besteren artean, hori gazteen artean lantzeko sortu dutela GES –txalo zaparrada handiena une honetan eragin dute bertaratuen artean–. Bestetik, nabarmendu dute, herri ekimenaz gain, egiturazko aldaketak egin behar dituztela instituzio publikoek. "Egungo garaietara egokitutako hizkuntza politika berriak pentsatu eta martxan jartzeko" eskatu dute, eta hori ez egitea, justizia eta demokrazia eskaerei ez entzutea litzatekeela adierazi dute. Gogorarazi dute euskararen biziberritzea ez dela norbanakoen auzi indibiduala, erronka kolektiboa baizik eta administrazio publikoei aurpegiratu diete ardura berezia dutela.

Euskarak dituen erronka zenbait ere zerrendatu dituzte amaieran: belaunaldi berriak osorik euskalduntzea, euskaraz eroso bizi ahal izateko eremuak sortzea, pantailetan euskara areagotzea, euskara harrera hizkuntza izatea, euskara kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea, edo euskara ikastea "behingoz" doakoa eta unibertsala izatea.

Aurretik ere zaurgarri zen hizkuntza bereziki kolpatu du pandemiak, salatu dutenez, eta gainera, azken aldian euskararen normalizazioaren bideak kolpe ugari jaso dituela, hala nola, Ipar euskal Herrian murgiltze eredua kolokan jarri izanak, Nafarroan hizkuntza eskubideetan egin den atzerakadak edo epaitegietatik iritsi azken erabaki euskarafoboek.

"Euskararen lurralde osoko gobernuei exijitzen diegu berandu baino lehen euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten", adierazi dute.

Jarraian Dani Blancok ateratako argazkiak.