Euskal Herriko lurralde batzuetan euskara ofiziala da, besteetan meridianoaren arabera ofiziala ala ukatua eta, aitzitik, ipar aldera bagoaz, toleratua (ez ofiziala).
Azken boladan, epaitegi batzuk ebatzi dute funtzionario publikoek ez dutela euskara ezagutzarik izan behar eta, ondorioz, euskarazko zerbitzurik eman beharrik. Atzeraka goaz.
Euskara ondare unibertsala izanik ere, euskal hiztunak planeta osoan barreiaturik gaudelako, bizitza-aukera, migrazio edo errefuxiatuen diasporaren poderioz, oraindino hizkuntza txikia da, merezimendu gabekoa.
Duela mende erdi ikastolan euskaraz aritzen ginen, eskola ez ofizialetan, begiradapean. Ondoren, AEK koordinadoran, HABEn, IKAn alfabetatu ginen, euskara batua besarkatuz. Aurrerago, ikastetxe, lanbide heziketa zentroek eta unibertsitateek euskaraz hezi eta ikertu dute. Jardun kolektibo erraldoi horri esker, milaka herritarrek ikasketa guztiak euskaraz burutu ditugu eskolan, institutuan, lanbide heziketan, unibertsitatean, ondorengoko trebakuntza formalean eta bestelakoetan. Eta lantokietan euskaraz ari gara, tailerrean, basoan, bulegoan, sukaldean. Etxean, jakina. Lagun artean. Gizartearen arlo guztietan.
Bestetik, nork bere mailan eta esparruan euskararen alde aritu edo militatu du, bakarka, taldean nahiz auzolanean. Euskarak beti behar izan du babesa eta laguntza gizartean, auzoan, enpresan, instituzioetatik haratago.
Egun, 2024. urtean, euskara berriro gutxietsi egiten da instituzio publikoetan, epaitegietan, legebiltzarretako diskurtsoetan, narratiba moderno “bateratzailean”. Antza, legeak eta berezko eskubidea ahuntzaren gauerdiko eztula dira.
Helegiteak alferrikakoak dira estatuen lege eta hizkuntza handien parean. Zertarako eskubideak, biderik ez badago? Beraz, zeureari heldu, bizi euskaraz eta izan euskaradun. Amaitu dira malgutasuna eta epelkeriak
Euskara ama-hizkuntza izan duten haurrak zein nerabeak gazteleraz edo frantsesez aritu behar dira osagilearekin? Nagusiek badute nahiko komunikazio oztopo administrazioarekin, are gehiago estatukoak badira (gizarte segurantza eta abar). Epaitegiko prozesu batean (beti gogorra) ondo ulertua izan nahi baduzu, zinez, itzultzailea eskatu eta horrek epaileari emandako bertsioaz fidatu behar? Oraindino hutsune nabarmenak dituen osasunaren, segurtasunaren eta administrazio harremanen arloetan, ez dira behar izango zuzeneko komunikazio berezkoak?
Psikologoarekin zein psikiatriarekin ari banaiz Osakidetzan edo Osasunbidean, ezin dut euskaraz adierazi nire barne sakonean gertatzen ari dena? Herrian arrisku egoeraren bat antzematen dudanean, ezin diot horren berri eman udaltzainari nire barnetik ateratzen den emozio-hizkuntzan? Errenta edo izatezko bikotearen tramiteak egiteko, edo dena delakoak, ezin dut funtzionarioren euskarazko azalpenik jaso? Pozez bete behar naiz estatuko zerbitzu publikoetan euskal hiztun bat arretarako leihatilan “deskubritzen” dudanean? Zergatik zaintza pribatuko enpresekin egiten diren kontratuak erdaraz aritzeko dira nagusiki; autoritate gehiago ematen die agenteei erdaraz aritzeak? Non dago hurbiltasuna? Non dago ulermen jatorra? Non dago arreta abegikorra? Non daude legedia eta eskubidea? Galzorian.
Eutsi biziki, faborez. Euskaraz arituko gara bazterketa eta jazarpenaren aurrean, zailtasun eta ukazio sasi guztien gainetik, gure izateari helduz, epai edo sententzia baztertzaileak errefusatuz.
Arraina arraina delako, itsasoan zein ibaian. Lehorrera eramaten denean bere nahiaren kontra izaten da. Hori horrela, euskara hiztunok, bihotzetik eta mingainetik, Euskal Herrian eta gauden tokian, zinez, euskaraz arituko gara.
Kexarik ez, arren. Negar egiteak ez du ibilbiderik, norberaren barne adierazpenerako ez bada. Helegiteak alferrikakoak dira estatuen lege eta hizkuntza handien parean. Zertarako eskubideak, biderik ez badago?
Beraz, zeureari heldu, bizi euskaraz eta izan euskaradun. Amaitu dira malgutasuna eta epelkeriak.
Xabier Arana Eiguren