argia.eus
INPRIMATU
Euskarabideak Nafarroako euskararen aldaerak dokumentatzen dituen Koldo Artola Kortajarena etnolinguistaren funtsa jaso du
  • Ana Ollo lehendakariordeak Gobernuaren izenean eskertu du ekarpen garrantzitsu hau, Artolak 1970 eta 1980ko hamarkadetan egindako audio grabazioak, Foru Komunitateko euskarazko zenbait hizkeraren azken hiztunen testigantzak biltzen dituena.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko ekainaren 06a
Euskarabideak Nafarroako euskararen aldaerak dokumentatzen dituen Koldo Artola Kortajarena etnolinguistaren funtsa jaso du. / Argazkia: nafarroa.eus

Nafarroako Gobernuak Koldo Artola Kortajarena etnolinguistaren audio dokumentuen funtsa jaso du. Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari eta bigarren lehendakariordeak Nafarroako Jauregian hartu ditu Artola eta haren familia, Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu duen ekitaldian. Harrera horretan, Artolak Nafarroako euskalkien eta aldagaien dokumentazioan egindako lana ere aitortu nahi izan da, ikertzaileak berak bere dokumentu-funtsa Euskarabideari dohaintzan eman baitio.

Ekitaldian, Artolatarrek, Koldo Artolak eta Mª Puy Malangré emazteak, bai eta Idoia, Eunate eta Xabier seme-alabek ere, jatorrizko materiala eman dute: grabatutako 300 zinta magnetiko baino gehiago eta bertsio digitalizatuak. Material etnografiko hori, Artolak batik bat 1970eko eta 1980ko hamarraldietan jasoa, Nafarroako euskararen mintzamoldeen audio erregistroen bilduma da. Balio handiko materiala da; izan ere, grabazioen artean, gaur egun mintzatzen ez diren zenbait hizkeraren lekukotasunak daude, erronkariera kasu.

Ollo lehendakariordeak eskerrak eman nahi izan dizkio Koldo Artolari egin duen lan aintzagarriagatik: “Orduko erakunde publiko eta akademikoen laguntzarik gabe, amateur moduan, hizkuntza-ondare hori guztia jaso eta aztertu zuen, eta, gaur egun, ondare hori kontserbatzen da, eta Nafarroako euskararen aldaera asko sakonago iker daitezke eta hedatu”.

Era berean, Ollok eskerrak eman dizkie ikertzaileari eta haren familiari funts horiek Nafarroako Gobernuari emateagatik, eta dohaintza horren garrantzia nabarmendu du: “Interes kultural handiko funtsa da, eta, dohaintza horri esker, funtsa Nafarroako Gobernuaren esku geratzen da, eta Gobernuak konpromisoa hartzen du funts horiek kontserbatzeko eta zabaltzeko”. Lan hori Euskarabideak egingo du Nafarroako Euskara Mediatekaren bidez.

Koldo Artola Kortajarena

Koldo Artola Kortajarena Donostian jaio zen 1938an, Nafarroako euskarazko hizkerak, horietako anitz galtzeko zorian zeudenak, jaso eta aztertu zituen, dokumentazio lan handia eginez. Artola familia euskaldun batean sortu zen, baina Gipuzkoako hiriburuan Francoren agintaldiaren hamarkadetan hazi baitzen, ez zuen haurtzaroan euskaraz ikasi eta gazte zelarik euskaltzaletu zen eta euskara ongi ikasi zuen.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan hasi zen euskararen aldaerak jasotzen eta ikertzen. Hamarraldi horietan, Nafarroako hainbat eskualdetan euskara atzeraka ari zen. Horietan ibili zen, batik bat, Artola: iparraldeko haranetan (Erronkarin, Zaraitzun, Aezkoan, Erroibarren, Esteribarren…) barna jardun zuen bertako euskaraz mintzatzen zirenen lekukotasunak biltzen. Lan horietan, Aranzadi Zientzia Elkarteari loturik zeuden Pedro de Yrizar, Fermin Leizaola eta beste ikertzaile batzuekin batera aritu zen ‘Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa’ azterlana osatzen.

Artolak banketxe batean egin zuen lan eta lanbideak uzten zion astian, asteburuetan, bere magnetofonoa bizkarrean hartuta, Nafarroako herritan ibiltzen zen euskaraz egiten zuten hiztunen ahozko testigantzak jasotzen eta dokumentatzen. Lekukotasun horietako batzuk Nafarroako euskarazko hizkera batzuen azken hiztunen ahoetatik jaso zituen. Kasu horietako bat Fidela Bernat uztarroztarrarena izan zen. Fidela Bernat erronkarieraren azken hiztunetako bat izan baitzen eta Artolak behin baino gehiagotan elkarrizketatu zuen. Artolaren grabaketak euskal dialektologiarako material baliotsua dira.

Funtsa: Koldo Artola Bilduma

Koldo Artolak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Nafarroan egin zituen audio grabazioak balio handiko corpusa dira, eta dohaintza honen bidez, Nafarroako Euskararen Mediatekaren funtsean sartuko dira. Jatorrizko materialak (grabatutako 300 zinta magnetiko baino gehiago) Nafarroako Gobernuak zainduko ditu eta bertsio digitalizatua Euskarabideak kudeatuko du, Nafarroako Euskararen Mediatekan sartuz.

Koldo Artolak emandako materialak bilduma izaera izanen du eta Mediatekan gizartearentzat eskuragai izanen da, hainbat bilaketa-aukera (geografikoa, dialektala, informatzailearen araberakoa…) izanen dira. Gainera, Euskarabideak dohaintzan emandako bilduma horri buruzko hedapen eta ikerketa proiektuak garatuko ditu.

Koldo Artolaren funtsaren bilduma testuinguruan jartzeko, Euskarabideak 40 minutuko ikus-entzunezko dokumental bat argitaratu du, “Koldo Artola Kortajarena, euskara bidean”, Koldo Artolaren bizitza, lan etnografikoa eta horrek Nafarroako kultur ondarean duen eragina erakusten dituena.

Nafarroako Euskararen Mediateka

Nafarroako Euskararen Mediateka Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren proiektu bat da, sarbide librekoa, eta bertan Foru Komunitateko euskararen moldeetan jaso diren materialen corpus handi bat kontsulta daiteke. Material corpus hori audio eta ikus-entzunezko grabazioak dira, baita testu idatziak ere.

Mediatekaren bidez, Nafarroako euskarazko hizkeretako material ahozkoen eta idatzizkoen funts zabala interesaturik egon daitekeen edonoren eskura jartzen da, interes hori ikerkuntzatik, irakaskuntzatik edo euskararekiko jakin-min orokorretik heldu dela ere. Bestalde, azken urteotan, Euskarabideak euskarazko ondare materiagabea hedatzeko garatu duen hainbat proiektu ere erakusten dira Mediatekan, esaterako: ‘Mattin eta Kattalin’, Nafarroan jasotako haur-folklorean oinarritutako bideo ludikoen bilduma; edo ‘Mintzoak gelara’, ikasgeletan ahozko ondarea erabiltzeko material didaktikoa.