argia.eus
INPRIMATU
Euskarabenturak 130 gazte elkartuko ditu 2022ko espedizioan, Euskal Herria euskara hutsean zeharkatzeko
  • 2005 eta 2006 urteetan jaiotako gazte euskaldunek jada hautagaitza bidaltzeko aukera dute. Aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat egin beharko dute. Datorren espedizioan euskaldunek itsasoarekin duten harremana landuko dute.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 22a
2018. urtean hasi zen Euskarabentura, gazteen aktibazioa bultzatzeko. / Argazkia: Euskarabentura.

Asteartean aurkeztu dute Euskarabenturako edizio berria Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. 2022ko uztailean oinez eta euskara hutsean egingo dute Mauletik Getxorako bidea 130 gaztek. Zabalik dago parte-hartzeko hautagaitza aurkezteko epea, martxoaren 4ra arte. 2005ean eta 2006an sortutako diasporako nahiz bertako gazte euskaldunek izango dute aukera.

16-17 urteko gazteek minutu bateko aurkezpen bideo bat eta antolatzaileek proposatutako gai bati buruzko hausnarketa proiektu bat bidali beharko dute. Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu lanak, eta hautaketa egiterako orduan kontuan izango dituzte gazteen jatorria, generoa eta motibazioa.

Itsasoa izango da gai nagusia

Euskarabenturaren lehen espedizioa 2018an abiatu zuten, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea oinarri hartuta. Datorren edizioak helburu bera izango du, baina, aurrekoetan ez bezala, euskaldunek itsasoarekin duten harremana landuko dute. Honela azaldu dute antolatzaileek: “Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute gazteek, askotariko bisita, tailer, hitzaldi edota espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen eskutik”. Elkano Fundazioarekin elkarlanean arituko dira.

Bideo honen bidez animatu dituzte gazteak 2022ko espedizioan izen-ematera: