EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa, jatorria eta errealitate soziolinguistikoa bezalako irizpideetan ere.
EuskarAbentura 2025 espedizioak Euskal Herriko zazpi lurraldeak oinez zeharkatuko ditu uztailean. Orain ekimenean izena emateko epea ireki dute. Paisaiak, historia eta kultura esploratzera gonbidatzen dituzte gazteak. Hautagaiak aurkezteko epea martxoaren 5ean amaituko da.
15 eta 17 urte bitarteko 127 jzioquitarrek parte hartuko dute, 2008 eta 2009 urte artean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan jaiotakoek, eta 2008 eta 2010 artean Ipar Euskal Herritik eta diasporatik etorritakoek. Euskara menperatzea ezinbesteko baldintza da.
Aurten, hautagaitzak bi bidetatik egin ahal izango dira: ZI-ZA lehiaketa eta ohiko deialdia. Gaztea Irratiarekin elkarlanean antolatutako ZI-ZA Lehiaketak bideo bat egitea du oinarri, eta irratiaren webgunean argitaratuko dute. Boto gehien dituen bideoa izango da garaile. Bestalde, ohiko deialdian, hautagaiek proiektu pertsonalizatu bat eta aurkezpen bideo bat aurkeztu beharko dituzte martxoaren 5a baino lehen.
Ondoko hiru gairen bati heldu beharko diote nahi duten formatutan eginda: beldurrak, gizartea edo klima aldaketa. Originaltasuna eta sormena faktore gakoak izango dira balorazioan.
Hautaketa-prozesuak hainbat fase ditu. Hautatutakoen behin-behineko zerrenda apirilaren 22an argitaratuko da, eta hautagaiek maiatzaren 16ra arteko epea izango dute eskatutako dokumentazioa osatzeko. Azkenik, ondoen baloratutako 125 proiektuek beka osoko plaza bat jasoko dute espedizioan parte hartzeko. Proiektuaren kalitateaz gain, generoa, jatorria eta errealitate soziolinguistikoa hartuko dira kontuan taldearen aniztasuna bermatzeko.