argia.eus
INPRIMATU
EuskarAbentura: 120 gazteko espedizioa euskararen erabilera aktibatzeko
  • 16-17 urteko gazteak Ruta Quetzal modukoan bilduko dira uztailean. Euskal Herria zeharkatuko dute eta baldintza nagusia euskaldunak izatea da.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2018ko urtarrilaren 05
Espedizioaren antolatzaileak Euskal Herriko dozena bat gazte dira. Argazkian, aurkezpen ofiziala abenduaren 27an. Argazkia: EuskarAbentura.

EuskarAbenturak hiztun gazteen aktibazioan eragin nahi du, horixe du xede nagusia Euskaraldiaren urtearekin (ustekabean) bat egin duen egitasmoak.

Gazteek motibazio gutuna idatzi beharko dute eta hiru gai orokorren inguruko lan bat egin. Lanerako gaiak ondokoak dira: euskara eta emakumeak, euskara eta zure herria, euskara eta itsasoa. Lanak historikoak, literarioak, plastikoak, musikalak eta ikus-entzunezkoak izan daitezke. Martxoaren 18an bukatuko da gutuna eta lana bidaltzeko epea eta abenturaren sustatzaile taldeak Eusko Ikaskuntzarekin batera egingo ditu ebaluaketak. Apirilaren 16an jakingo da 120 gazteen zerrenda.

Hilabetez Euskal Herria zeharkatuko dute Done Jakue bidea jarraituz eta Unescok gizateriaren ondare izendatutako koba eta zubiak bisitatuz.

Euskararen erabilera sustatzeaz gain EuskarAbenturak baditu beste xede batzuk, hala nola, euskal lurraldea sakonago ezagutzea eta gazte euskaldunen sarea osatzea.